Joan den asteburuan Hirugarren mailan jokatzen duten Bermeo eta Deusto taldeen arteko partidan gertatutako istiluak salatu eta gaitzesten dituela adierazi du Bermeo Futbol Taldeak.
Deusto taldearen zaleak, Bermeoren aurkako partidan, Itxas-Ganen
Taldeak berak baieztatu duenez, epaile lanetan aritu ziren hiru lagunek «jarrera desegokiak» jasan behar izan zituzten, bai eta mehatxuak ere, eta horiei «erabateko babesa» adierazi nahi izan di. Taldeak azaldu duenez, Deustoren zaleak izan ziren istilu horiek sortu zituztenak. Hala, arazo gehiago sortzea ekiditzeko, eta epaileen segurtasuna bermatzeko, beraien eskuetan egon zena egin zutela esan du taldeak, nahiz eta «lan erraza ez izan».
Epaileen sindikatuak berak ere zapatuan gertatutakoa gaitzetsi du. Berak zabaldutako adierazpenean azaldu duenez, 44. minutuan Deusto taldeko bigarren entrenatzailea kaleratu behar izan zuten, «partidako epaile bati errespetua galtzearren, eta bestearen erabakiak modu txarretan erantzutearren». 79. minutuan, aldiz, partida lau minutuz gelditu behar izan zutela azaldu dute; izan ere, «dozena bat zale epaile bat iraintzen zebiltzan». Epaileen sindikatuak gaineratu duenez, «epaile hori hil egingo zuten mehatxuka zebiltzan, eta baita listua eta garagardoa botatzen».
Bermeo F.T-ren laguntzagaz, zale horiek zelaiaren beste alde batera lekualdatu zituzten. Hala, partidak «normaltasunez» egin zuen aurrera.