Erroxape Emakumeen Elkarteak indarkeria matxista ekiditeko programa antolatu du, Sareginek Bermeoko Emakume Feministen Sareagaz batera eta Bermeoko Udalaren laguntzagaz. Programa horren baitan, besteren artean, mikromatxismoaz ariko dira. Beldur Barik programako kide Idoia Legarreta (Igorre, 1983) arduratuko da mikromatxismoa zer den azaltzeaz. Joan den astean Eleizalde ikastolako ikasleekin bildu zen, eta datorren martitzenean, hilaren 16an, herritar guztiei zabaldutako hitzaldia emango du. Erroxape elkarteak Erreten parkean duen egoitzan izango da berbaldia, 19:00etan.
Idoia Legarreta
Zer da mikromatxismoa?
Gizarte eredu matxista baten ondorioz egunerokotasunean txertatuta ditugun jarrerak, egoerak edota bizipenak kultura matxista hori iraunarazten laguntzen duten jokabideak dira. Jarrera horiek barneratuta eta onartuta ditugu. Askotan ez gara horiez ohartzen, eta ez diegu horrenbesteko garrantziarik ematen, gure begirada bestelako egoera nabarmenago batzuetara jarrita dagoelako; bikotekideen arteko tratu txarretara, esaterako. Agerikoagoak izaten diren horietara begira izaten da gizartea, eta ez egunerokotasunaren parte diren beste hainbat jokabidetara, eta horiek dira arriskutsuenak. Azken finean, eguneroko diskurtsoek eta bizipenek legitimatzen dute indarkeria hori existitzea. Indarkeria matxistaren oinarria mikromatxismoan dago, eta horiek detektatzera joan beharra daukagu.
Agerikoagoak izaten diren horietara begira izaten da gizartea, eta ez egunerokotasunaren parte diren beste hainbat jokabidetara, eta horiek dira arriskutsuenak”
Mikromatxismotik, hortaz, indarkeria matxista sor daiteke.
Hala da, bai. Gainera, agerikoagoa den indarkeria horretan eragiteak ez du zentzurik, errora ez baldin bagoaz. Eta erroa egunerokotasunean sortzen diren gauza txiki horietan guztietan dago, modu desberdinetan txikitatik barneratzen ditugun horietan.
Adibide batzuk?
Esaterako, eskola bateko jolastokian, zergatik dute protagonismo handiagoa futbolean jokatzen ari direnek? Jolastokiaren %80 futbolean jokatzen ari direnek erabiltzen dute. Inguruetan, berriz, gainontzekoak geratzen dira; eta horretan daudenek, gainera, baloikadak jasotzen dituzte. Hori indarkeria mota bat da, eta gizartean normaltzat hartzen da. Bestalde, emakumeak baliogabetzen dituzten hainbat mezu ere entzuten ditugu txikitatik. Zenbatetan entzun izan dugu, “neska baten moduan egiten duzu korrika”. Baina zer da neska baten modura korrika egitea? Ikusten da emakumeekin lotuta dauden gauza edo mezu ugarik emakumea baliogabetzen dutela. Mezu horiek guztiak txikitatik jasotzen ditugu, eta horiek dira gure identitatea eta harremanetan jartzeko ditugun moduak egituratzen dituzten mezuak.
Ikusten da emakumeekin lotuta dauden gauza edo mezu ugarik emakumea baliogabetzen dutela. Mezu horiek guztiak txikitatik jasotzen ditugu”
Jendearekin gaia lantzen hasten zaretenean, zer nolako inpresioa izaten dute?
Gizartean, orokorrean, kosta egiten da horrelako adierazpenak indarkeria bezala ikustea; gazte edo heldu izan. Kosta egiten da egunerokotasunaren parte den hori guztia matxismoa edo indarkeria dela onartzea. Indarkeria gure egunerokotasunetik eta gure bizitzetatik kanpo kokatzeko mekanismo asko ditugu. Uste dugu besteek egiten duten zerbait dela. Gure harremanetan, poteoetan zein batzarretan indarkeria matxistaren adierazpen asko daudela onartzea kostatu egiten zaigu, eta baita gu horren parte garela onartzea ere. Horren aurka egiteko konpromisoa hartu beharra daukagu. Askotan gazteengan jartzen dugu begirada, baina gizartea bera da matxista. Gazteek kultura matxista baten ondarea baino ez dute jasotzen. Eurek euren testuingurura eta euren belaunaldira egokitutako bizipenetan erreproduzitzen dute matxismoa; sare sozialetan, esaterako. Guk, beste belaunaldi batzuetakoek, distantziagaz begiratzen diogu eurek egiten dutenari. Gure zeregina, hortaz, eurei laguntzea da. Euren testuinguruetan ematen diren matxismo horiek guztiak identifikatzen lagundu behar diegu.
Gure harremanetan, poteoetan zein batzarretan indarkeria matxistaren adierazpen asko daudela onartzea kostatu egiten zaigu, eta baita gu horren parte garela onartzea ere”
Zein adin tarte litzateke egokiena arazoari aurre hartzeko?
Oso txikitatik, hasieratik. Hala ere, horretarako beharrezkoa da guztion inplikazioa. Gizarte osoaren konpromisoa beharko litzateke gauza pilo bat aldatzeko. Bizitza osoan egin beharreko lana da. Gure identitatea lantzen gabiltza bizitza osoan. Guztiok daukagu aldatzeko gaitasuna, baina oso garrantzitsua da nerabezaroa. Nerabezaroan hasten gara identitatea definitzen; autonomia irabazi dugun horretan, gu nor garen definitzen hasten gara. Eta gu nor garen horretan, gaur egun garrantzitsua da informazio alternatiboak ematea. Emakume edo gizon eredu bat denaren inguruan ditugun horretatik apartekoak.