Busturiarraren kontrako lehen auzi saioa egin dute gaur, Espainiako Auzitegi Nazionalean. Hain zuzen, 1997an Guggenheimen aurkako erasoan ustez Espainiako Errege ohia hiltzen saiatzeagatik epaitu dute gaur Goieaskoetxea, besteak beste. Fiskalaren 20 lekuko baino gehiagok deklaratu dute gaur, bideokonferentzia bidez. Defentsaren bi lekukok ere bideokonferentziaz deklaratzeko eskatu zuten; hala ere, aukera hori ukatu zieten, auzi salan egotea garrantzitsua zela aipatuta. Hortaz, martxoan egingo duten hurrengo auzi saioan deklaratuko dute bi lekuko horiek, bideokonferentzia bidez.
Goieaskoetxea
Kepa Arronategi preso politiko gernikarrak, aldiz, gaur deklaratu du, defentsaren lekuko gisa, Auzitegi Nazionalean. Ekintza horregatik epaitu eta zigortu zuten Kepa Arronategi, eta, gaur esan duenez, 1997ko ekintza hura Bilboko museoaren kontrakoa zela, ez Juan Karlos Borboikoaren kontra. Gainera, esan du Goieaskoetxeak ez zuela parte hartu. Torturapean eta seniden kontrako mehatxupean deklaratu zuela esan du Arronategik, eta, izen bat ematea eskatzen zietela poliziek. hala, burura etorri zitzaion lehen izena eman zuela esan du. Goieaskoetxearen abokatu Jone Goirizelaiak azaldu duenez, gaur deklaratu duen Ertzain buruaren testigantzak agerian utzi du Arronategik presiopean egin zuela polizia deklarazioa: “Bi egunetan poliziaren aurrean deklaratzeari uko egin ostean, hirugarren egunean bere kontrako eta ingurukoen aurkako polizia deklarazioa egin zuen Arronategik. Horrek agerian uzten du mehatxupean eta tratu txarrak pairatzearen ondorioz egin zuela deklarazioa”.
Gainontzeko lekukoen deklarazioa ere ezbaian jarri du Goirizelaiak. Abokatuaren esanetan, horietako batek ere ez du Goieaskoetxea ekintza gertatu zen lekuan kokatu. “Beste leku batzuetan kokatu dute Goieaskoetxea, baina ez Guggenheim aurrean”. Gainera, abokatuak esan du diligentzia polizialak egiterakoan ez zituztela legeak zehazten dituen artikuluak bete.
Eneko Goieaskoetxeak, bere aldetik, bere abokatu Jone Goirizelaiaren galderei bakarrik erantzun die. Hala, 1997an Bilboko Guggenheim aurrean Juan Carlos Borboikoa Espainiako errege ohia hiltzen saiatu izana ukatu du, eta baita ETAko kide zela ere.
Halaber,
Katu izeneko komando baten berririk ere ez zuela esan du busturiarrak.
Garai hartan Espainiako Erregea zenaren kontra egiteko agindurik hartu zuen ere galdetu dio Goirizelaiak, baina holakorik ere ukatu du Goieaskoetxeak. Beraz, bere kontrako akusazioak ukatu ditu.
Epaiketa hasi aurretik,
fiskalak 95 urteko zigor eskaera egin zuen Goieaskoetxearentzat.
Gaur Auzitegi Nazionalean egin duten epaiketan izan dira, baita, Goieaskoetxearen senide eta lagunak. Guztira, 38 lagun joan dira Madrilera, eta aretora sartzeko aukera izan dute.
Bederatzi delitu
Koroaren aurkako delituaz gain, beste zortzi delitu leporatzen dizkiote Goieaskoetxeari. Ustez Txema Agirre ertzaina hil izanagatik 30 urteko zigorra eskatuko du fiskalak, eta 19 urtekoa koroaren aurkakoagatik. Horrez gain, ertzainaren alargunari 500.000 euroko kalte-ordaina ordain diezaion eskatuko du, eta 122.000 euroko beste bat ihes egiteko erabilitako autoaren jabearentzako.
Akusazioaren arabera, Bilboko Guggenheim museoaren inaugurazioa aprobetxatuta, 1997ko urriaren 18an Espainiako erregea hiltzea zeukan ETA erakundeak helburu. Kepa Arronategi gernikarragaz batera, Goieaskoetxea
Katu komandoko kide zela dio fiskalak, eta museoaren aurrekaldean hiru jardineratan jarritako lehergailuak zartarazteko asmoa zeukatela. Jardinera horiek furgoneta batetik ateratzen ari zirenean, ertzain bi hurreratu zitzaizkiela, eta Goieaskoetxeak haietako baten aurka tiro egin zuela dio fiskalak, baita ostean biek ihes egin zutela ere.
Almeriatik Madrilera lekualdatu behar izan dute Arronategi, epaiketan deklaratzeko, eta lekualdaketaren moduak kritikatu ditu Jone Goirizelaia abokatuak. Epaiketa eguna aldez aurretik zehaztuta egon arren, Arronategi azken orduan mugitu dutela esan du abokatuak, eta atzo, 18:00etan, heldu zela Valdemoroko espetxera.