Euskal Herria abian, presoak etxera lelopean, euskal preso politikoak preso dituzten Espainiako eta Portugalgo
espetxe guztietara martxak antolatu ditu ezker abertzaleak.
Hilaren 20an izango dira martxak, eta
eskualde bakoitzetik espetxe jakin batera joango dira; Busturialdearen kasuan, Brievara.
Ibon Iparragirre ondarrutarraren etxeratzea eskatzeko elkartasun martxa, irudian
Joan den azaroan martxan jarritako Abian prozesuaren baitan antolatu dituzte martxok. Parte hartze ahalik eta handiena dute helburu, eta, horretarako, militante oro ahaldundu eta eztabaidarako aktibo bilakatu dute. Bi fasetako prozesua da; lehenengoa entzute eta harreman fasea izan da, eta bukatutzat eman dute jada, hainbat ekarpen eta iritzi herriz herri jaso ostean. Bigarrena, ostera, eztabaida fasea izango da.
Zutik Euskal Herria ebazpenetik hona jasotako balantzea, egungo egoeraren analisia, etorkizunera begirako estrategia, behar duten antolakuntza eta militantzia ereduaren inguruan jasotako iritzi eta ekarpenak biltzen dituen txosten bat egin dute, eta orain txosten hori euskal preso politikoak dauden espetxeetara eraman nahi dute.
Izan ere,
helburua “preso, iheslari eta deportatuek Abian prozesuan askatasun guztiz parte hartzeko eskubidea izan dezaten aldarrikatzea da”. Beraien ekarpena “ezinbestekoa” baita hausnartze eta eztabaida prozesu horretarako. Era berean, martxa horien bitartez, dispertsio eta sakabanaketak eragindako baldintzak ere salatu nahi dituzte.
Gauzak horrela, Euskal Herriko herri ezberdinetatik autobusak aterako dira hilaren 20an espetxeetarako bidean. Busturialdetik, adibidez, Brievako (Avila, Espainia) kartzelara joango dira, bertan baitute Errigoitiko Jone Amezaga presoa. Bermeotik eta Eatik aterako dira autobusak, eta Gernika-Lumon elkartuko dira, Avilarainoko bidea elkarrekin egiteko.
Autobusen ordainketa egiteko
bono-laguntzak (10 eurotan) atera dituzte, bidaia debalde edo ahalik eta merkeen ateratzeko. Herrian jarri dituzten zerrendetan eman beharko dute izena bidaia egin nahi dutenek, gutxi gorabehera, hilaren 17a orduko.
Autobusak Brievara (Avila, Espainia)
- Bermeo. 05:30ean aterako da autobusa. Mundakatik, Busturitik, Foruatik eta Gernika-Lumotik (06:00etan) igaroko da autobusa. Izena emateak: Bermeon, Bolatokin edota LABen egoitzan; Busturin, Eguzkiloren; Foruan, Haitzbiribil elkartean, Gernika-Lumon, Arranon.
- Ea. 05:30ean aterako da autobusa. Bodegoian eman behar da izena. Ibarrangelutik, Kortezubitik eta Gernika-Lumotik (06:00etan) igaroko da autobusa.
Oharra: Busturialdeko gainontzeko herrietan, ohiko tokietan eman behar da izena.