Bermeoko Euskara Aholku Batzordea hilaren 18an batuko da
Bermeoko Euskara Aholku Batzordeak otsailaren 18an, eguenean, egingo du aurtengo lehenengo bilera. Datozen urteetan batzordean parte hartzeko interesa azaldu duten hainbat eragileren eta herritarren ekarpenei esker, Aholku Batzordea «eraberrituta» eta «indarberrituta» datorrela azaldu dute gaur, prentsaurreko batean, Juan Karlos Agirre Euskara zinegotziak eta Maite Alvarez de Zarate Euskara teknikariak.
Udalerrian euskararen normalizazioan diharduten talde, elkarte eta erakunde publiko eta pribatuetako ordezkarien eta herritar euskaltzaleen harremanetarako lekua da Euskara Aholku Batzordea. Horren bitartez, eragile horiek parte hartzeko aukera izango dute, informazioa jasoko dute, proposamenak egin ahalko dituzte, eta era berean, Bermeoko Udalari ekarpenak egiteko aukera ere izango dutela azaldu dute.
Batzordean egiten diren ekarpen horiek, gainera, udalaren erabakietan eragina izango dutela jakinarazi dute.
2003. urtean sortu zenetik, ibilbide luzea egin du Aholku Batzordeak. Datorren egueneko bileran, hala ere, parte hartzaileek orain abiaraziko duten etapa berrian jarduteko araudia izango dute aztergai. Batzordekideek ekarpenak egin ostean, berriz, ontzat hartuko dute. Hala, batzordearen zereginak, dinamika, komunikazio bideak eta egingo diren batzar kopurua zehaztuko dituzte, besteak beste.
Ondoren, 2016. urterako Euskara Sailak prestatu duen ekintza plana izango dute aztergai. Atzoko agerraldian azaldu zutenez, «garrantzitsua izango da gai horren inguruan batzordekideek egin ahal dituzten ekarpenak. Gogoan izan behar baita gizarte esparru ugarietako ordezkariak izango direla udal ordezkariekin batera».
Geuk eus kanpainaren proposamenak aztertzeko denbora ere hartuko dute batzorde horretan; izan ere, herritarrak euskararen erabileraz sentsibilizatzeko kanpaina bat abiarazi gura duela diote, «hainbat ekintzaz osaturik».
Batzarrari amaiera emateko, berriz, parte hartzaileek eskariak eta itaunak egiteko aukera ere izango dute.
Batzorde irekia
Euskara Aholku Batzordea irekia dela nabarmendu dute udal ordezkariek, hau da, gura duten herritar guztiek parte hartzeko aukera izango dute; are gehiago parte hartzeko deia egin dute.
Gizarte eta Kultura Etxeko Gaztelekuan bilduko dira, datorren eguenean, hilaren 18an, 19:00etan.