Hezeguneen garrantziaz jabetuarazteko jarduerak egin dituzte Busturian eta Gautegiz Arteagan
Urdaibai, Txingudi, Guardiako aintzira txikiak, Ullibarri-Ganboa urtegiko adarrak, Salburua eta Gesaltza Añana. Sei Ramsar hezegune horiek daude Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta denen artean 1.734,1 hektarea betetzen dituzte, hiru herrialdeen azaleraren %0,23. Duten garrantziaren jakitun, eta Urdaibain kokatuta egonik, Euskadiko Biodibertsitate Zentroak eta Urdaibai Bird Centerrek joan den otsailaren 2an ospatutako Hezeguneen Mundu Mailako Egunagaz bat egin dute, jarduera bereziak eskainiz bisitariei.
2016ko leloa Hezeguneak gure etorkizunerako: bizimodu jasangarriak izan da, hezeguneek gizateriaren etorkizunean duten berebiziko garrantziaz ohartarazteko, eta, halaber, garapen jasangarrirako bidean duten egitekoa nabarmentzeko. Hori horrela, bi egunetan hezeguneen garrantzia horretaz kontzientziatzeko jarduerak izan dira Biodibertsitate Zentroan. Besteak beste, zapatuan argazkilaritzagaz lotutako ekintza egin zuten paduretan, eta baita bisita gidatu bat ere. Domekan, bestalde, bisita gidatu batez gain, irteera bat egin zuten itsasontziz. Umeentzako tailerrik ere ez zen falta izan zapatu-domekan.
Ate irekiak
Ate irekien egunaren bidez ospat zuen Urdaibai Bird Centerrek Hezeguneen Eguna, domekan. Bisitariek ez zuten sarrerarik ordaindu behar izan egun horretan, eta, gainera, bisita autogidatuez gozatu ahal izan zuten. Zentroko teknikarien azalpenak entzuteko aukera ere eduki zuten, eta baita BirdFlyway proiektuaren berri izan ere, Aranzadik kudeatutako zentroak abagunea aprobetxatu baitzuen berori gizarteratzeko.
Zentro batek nahiz besteak proposatutako jarduerek arrakasta eduki zuten.