Domekarako antolatu dute IX. Demikuko mendi martxa, eta parte hartu gura duten horiek barikura arte dute izena emateko aukera. Aurrekoetan egin modura, bi ibilbide izango dira aukeran: 25 kilometroko martxa luzea eta 12 kilometroko laburra.
lau parte hartzaile Demikuko mendi martxa egiten
Martxa luzean helduek bakarrik parte hartu ahalko dutela azaldu dute antolatzaileek. Laburrean, berriz, nagusiez gain, umeek ere parte hartzeko aukera daukate, horiei begira antolatzen baitute martxa hori. Ibilbide bat zein bestea egin, irteera puntu bera izango dute parte hartzaile guztiek: Demikuko baseliza. Ordutegia, baina, desberdina izango dute. Martxa luzeko parte hartzaileek 08:30etan egon beharko dute irteera puntuan; martxa laburra, berriz, 10:00etan abiatuko da.
Lekuak mugatuak
Aurten ere, lekuak mugatuak izango dira. Antolatzaileek jakinarazi dutenaren arabera, martxa luzean, gehienez, 300 parte hartzaile egon ahalko dira; laburrean, berriz, 100 lagunentzako lekua egongo da.
Izena eman gura dutenek
demikumartxa@hotmail.es posta elektronikora bidali beharko dute mezu bat. Mezu horretan izen abizenak, herria, probintzia, NAN zenbakia, gizona ala emakumea den, telefono zenbakia, posta elektronikoa eta ibilbide luzea edo laburra egingo duen zehaztu beharko dute parte hartzaileek. Antolatzaileek, ondoren, mezua jaso dutela esateko erantzuna bidaliko dute.
Dortsalen bat libre geratzen baldin bada, domekan bertan izena emateko aukera egongo dela zehaztu dute, hala ere, domekara arte ez itxarotea gomendatzen dute antolatzaileek.
Ibilbidea Demikuko baselizan hasi eta Katilotxu, Montemoro, Busturia, Paresi eta Sollube zeharkatu ostean, Demikura iritsiko da berriro. Ibilbide guztia seinalatuta egongo dela azaldu dute. Inor ez galtzeko, gainera, Herri Babesako kideak eta motodun laguntzaileak egongo dira bidean.
Urtero legez, kontrol mahaia Demikuko baselizan egongo da, eta martxa hasi aurretik parte hartzaile guztiek derrigorrezkoa izango dute hara hurbiltzea zenbakia hartzeko. Aldez aurretik abisatuta, bestalde, parte hartzaileek arropak edo motxilak gordetzeko aukera edukiko dute.
Demiku auzoan ibilgailuak aparkatzeko lekurik ez dagoela eta, parte hartzaileei oinez joateko deia egiten die antolatzaileek; «Bermeotik Demikura 1,5 kilometroko distantzia dago, eta oinez egin daiteke», diote.