Eneko Goieaskoetxea epaituko dute bihar Espainiako Auzitegi Nazionalean, besteak beste, 1997ko urrian ertzain bat hiltzea leporatuta. Akusazioaren arabera, Bilboko Guggenheim Museoaren inaugurazioan Espainiako erregea hiltzeko agindua eman zuen ETAk, eta, horrenbestez, koroaren aurkako delitua ere egotzi diote busturiarrari. Fiskalak 95 kartzela zigorra eskatuko du harentzat.
Eneko Goieaskoetxearen atxiloketa salatzeko Gernika-Lumon egindako manifestazioa
Zehatz esateko, koroaren aurkakoaz gain, zortzi delitu leporatzen dizkiote Goieaskoetxeari. Ustez ertzaina hil izanagatik 30 urteko zigorra eskatuko du fiskalak, eta 19 urtekoa koroaren aurkakoagatik. Horrez gain, ertzainaren alargunari 500.000 euroko kalte-ordaina ordain diezaion eskatuko du, eta 122.000 euroko beste bat ihes egiteko erabilitako autoaren jabearentzako.
Akusazioaren arabera, Bilboko Guggenheim museoaren inaugurazioa aprobetxatuta, 1997ko urriaren 18an Espainiako erregea hiltzea zeukan ETA erakundeak helburu. Kepa Arronategi gernikarragaz batera, Goieaskoetxea
Katu komandoko kide zela dio fiskalak, eta museoaren aurrekaldean hiru jardineratan jarritako lehergailuak zartarazteko asmoa zeukatela. Jardinera horiek furgoneta batetik ateratzen ari zirenean, ertzain bi hurreratu zitzaizkiela, eta Goieaskoetxeak haietako baten aurka tiro egin zuela dio fiskalak, baita ostean biek ihes egin zutela ere. Hori horrela, Kepa Arronategi ere eramango dute bihar Auzitegi Nazionalera, deklarazioa hartzeko.
Goieaskoetxearen eta Arronategiren senideak eta lagunak Madrilera joango dira, bi presoei babesa erakusteko elkartasun bidaia antolatu baitute. Hain zuzen, autobus bete joango da Espainiako hiriburura.
Cambridgen atxilotua
2011n atxilotu zuten Goieaskoetxea, Cambridgen (Erresuma Batua), han bizi baitzen azken urteetan, izen faltsuarekin eta familiarekin. Espainiak busturiarra estraditatzeko eskaera egin zuen, eta, helegiteak jarri zituen arren, Londresko Auzitegi Gorenak atzera bota zuen jarritako azkena. 2012ko uztailean Espainiaratu zuten.