Olatu handiak espero ziren goizalderako, eta iragarpenek asmatu egin dute bete-betean. Alerta gorria emana zuten 03:00etatik 07:00etara, eta beilan eman dituzte orduak askok. Hainbat lekutan kalteak eragin ditu itsaso zakarrak, esaterako, Bermeon. Hain zuzen, herri hori izan da denen artean kaltetuena.
Benito Ibarrolaza Bermeoko Zerbitzu arloko zinegotziak azaldu duenez, olatu-hormaren 30 metro inguru apurtu dituzte olatuek, eta beste hamar metroko tartean zeuden blokeak mugitu. Ondorioz, Portu Zaharrean gainezka egin du urak. Horrez gain, olatu-horma inguruan zeuden lau itsasontzi hondoratu egin dira, eta Olatua eskulturaren ondoko aparkalekuko zorua altxatu egin da. Itsas-murruaren ondoko arraunerako pantalana ere apurtu dute olatuek, eta baita barandak, bi flotagailu, zementuko arrapala, hainbat kutxatila-tapa, kirol-pantalanetako hiru finger… Portu komertzialeko enpresetan ere urak gainezka egin du, eta inguru horretako behegaina altxatu egin du itsasoak.
Bermeoko olatu-horma
Kalteak kalte, ondorioak ez dira 2014ko denboraleak sortutakoak bezain larriak izan. Izan ere, taberna eta denda batzutara ura sartu da, baina Frantxuetako dikeak eutsi egin du, eta, beraz, arrantzaleen lonjetara ez da urik sartu.
Ibarrolazak esan duenez, ezarritako prozedurak eman ditu bere fruituak. Izan ere, alerta gorriaren aurrean, prebentzio neurri zorrotzak hartu zituen Bermeok. Esaterako, San Juanetik Bermeorainoko tartea eta portutako sarrerak zarratu egin zituzten, oinezkoentzako zein ibilgailuentzako. Zerbitzuetako zinegotziaren arabera, garrantzitsua izan da herritarrek prebentzio neurri horiek bete izana. Portu inguruko lokal eta dendetako arduradunek urak gainezka egiteko aukeraren aurrean hartutako neurriak ere aipatu ditu Ibarrolazak.
Elantxoberi dagokionez, aterpetxean izan dira kalteak. Udaletik zehaztu dutenez, teila batzuk eta teilatu-hodia apurtu dituzte olatuek. Horrez gain, arraun elkartearen egoitzako horma zati bat ere hautsi du itsasoak, eta ura sartu da barrura. Elkartearen ondoan dauden komun publikoetan ere kalteak izan dira. Ibarrangelun, bestalde, baranda bat apurtu du uraren indarrak, Laida hondartzan.
Ean ere kalte materialak izan dira. Izan ere, itsasoak herriko errekan eta kaleetan gora egin du, eta harez bete ditu bazter guztiak. Iratxe Arriola alkateak zehaztu duenez, hondartza bazterreko baranda bat, umeen jolastokiko itsasontzi bat eta errekara ematen duen ate bat apurtu du itsaso zakarrak. Horrez gain, erreka inguruko etxebizitzetako beheko aldeetara eta bodegetara ura sartu da. Arriolak esan duenez, goiz guztia eman dute udaletxeko beharginek harea batu eta errekara bueltatzen, nahiz apurtutako gauzak erretiratzen.
Sukarrietan ere igarri dute denboralea. AbiƱa auzoan hare asko sartu da, eta horrek bidea itxi behar izana eragin du. ToƱako etorbidean, bestetik, lurrean jarrita zituzten taulak altxatu egin dira.
Azkenik, Mundakako alkate Aitor Egurrolak esan du herri horretan ez dela ondorio larririk egon. Itsasoak eramanda, adarrak, belarrak, bonbonaren bat eta bestelakoak agertu dira Santa Katalina alboko aparkalekuan, “baina, zorionez, ez da kalterik izan”.
Ana Oregi Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuak gogorarazi du denboraleak eragiten jarraitzen duela; hortaz, portuetan eta kostaldean kontuz ibiltzeko eta bai itsas jarduerak bai haizeguneak saihesteko eskatu du. “Lehenik eta behin, ez da pertsonarik kaltetu eta horixe da garrantzitsuenaĀ», esan du Oregik. Hark koordinatuko ditu eraginpeko guneak birgaitzeko lanak, Estatuko Kostaldeekin, Foru Aldundiekin eta udalerriekin.Ā Garraioetako sailburuordeak, Antonio Aizek, eta Azpiegituretako zuzendariak, Almudena Ruiz de Angulok, hainbat euskal portu bisitatu dituzte gaur goizean.
Busturialdeko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.