Xabi Ojinaga eta Ane Ramos. Gazte mugimenduko kideak
Busturialdeko Gazte Topaketak egingo dituzte otsailaren 13an, Astran.
Geu dute goiburu, eta eskualdeko gazteek elkar ezagutzea eta komuneko lan dinamiken berri izatea dute xede topaketek. Goizetik arratsaldera, hainbat gai lantzeko jarduerak egingo dituztela azaldu dute Ane Ramos (Arratzu, 1994) eta Xabi Ojinagak (Bermeo, 1992).
Astran egingo dituzte topaketak, datorren zapatuan
Busturialdeko topaketak antolatu dituzue lehenengoz. Zerk bultzatuta?
Xabi Ojinaga: Bermeon, esaterako, ohartu gara ezken bi urteetan berez herrian gazte mugimenduarekin inplikatuta dagoen jendea nahiko gutxi garela. Ikusmira zabaldu eta ohartu gara trena hartu eta hamar minutura gure lanketa berdina egiten ari den jendea badela. Baina ez dugu elkar ezagutzen, eta horrek ez du zentzurik. Beraz, ahalegina zentzu horretan egin nahi dugu. Inguru txikian jende asko gara antzeko gauzak egiten ditugunak; jai herrikoiak antolatzetik edozein tailer egitera. Hala ere, bai batzuek zein besteek egiten dugun lanaren berri ez dugu, eta hori konpontzea da asmoa.
Ane Ramos: Gernika-Lumoko Gazte Asanbladak mugitzen du jendea. Hala ere, ohartu gara inguruko herrietako jendea bistaz baino ez dugula ezagutzen, eta ez dugula elkarrekin lan egiteko edo zerbait antolatzeko aukerarik. Beraz, saiakera bat egin nahiko genuke, eskualde mailan zerbait antolatzeko aukera ere badirelako gazte topaketak.
Busturialdeko gazteak, oro har, zuen kezkekin bat egiten dutela ikusten duzue?
A.R.: Bai, eta nik uste dut batzuk badutela inplikazio maila bat. Guk, gazteak garen heinean, nahi dugu betse gaztek ere inplikatu daitezen. Munduan gertatzen denarekin eta eskualdean ditugun arazo eta gabeziekin jabetzea eta arduratzea gurako genuke. Azken finean, modu bat da ardura sortzen diguten gaiak mahaiaren gainean jartzeko.
Gernika-Lumo eta Bermeo dira eskualdean herririk handienak, beraz, jendea erakartzeko errazagoa izan beharko luke. Herri txikietan, baina, nola ikusten duzue egoera?
A.R.: Kasu honetan, Busturiko Gazte Asanbladarekin antolatu ditugu topaketak.
X.O.: Bai. Joan den urtetik dator kontua. Bizkargi Eguneko jarduerak elkarrekin antolatu genituen Eak, Busturiak, Muxikak, Gernika-Lumok eta Bermeok. Topaketetarako, baina Ea eta Muxika ez daude antolatzaile modura. Dena den, bi herri horietako gazteek ere parte hartzea espero dugu.
A.R.: Ean gazte gutxi dago gazte asanbladan, eta Muxikako gazteek, beraien kabuz ere, ekintza garrantzitsuak antolatzen dituzte urtean zehar. Beraz, ulertzekoa da dagoeneko lanean dagoen jendeak bere horretan jarraitzea. Ean ere, gutxi izanda, beraien ardurak badituzte.
Egun osorako egitaraua prestatu duzue. Zein gai jorratuko dituzue?
A.R.: Aurkezpenaren ostean Gure kabzuz ala hil dokumentalaren proiekzioagaz hasiko ditugu topaketak. Gazteek sortutako dokumentala da, eta aurrera egiteko alternatibak behar ditugula azaltzen du. Dokumentala ikusi ostean, eztabaida zabalduko dugu.
X.O.: Komunikazioa ere landuko dugu topaketetan. Hain zuzen, bideoak eta kartelak lantzeko tailerra egingo dugu goizean. Lan horiek beti berdinek egiten ditugu, eta photoshop demokratizatzeko garaia da. Bazkaldu ostean, aldiz, feminismoa landuko dugu Pantojismo eta maskulinitatea izeneko tailerrean.
A.R.: Tailer horretan inposatzen dizkiguten genero rolak aztertuko ditugu. Kontzientziazio lana eta hasnarketa egingo dugu gai horrekiko. Azken batean, mahai gainean jarri behar diren gaiak dira, kontzientzia hartzeko. Behin kontzientziatuta gaudenean errazagoa da gauzen aurka egitea.
Horiek al dira kezka gehien sortzen dizkizueten gaiak?
A.R.: Pil-pilean dauden gaiak, batez ere, feminismoa eta alternatibak eraikitzearen beharra dira. Gazte mugimenduan jendearen ardura sortzen dute, eta landu beharrekoak direla uste dugu. Gustuko ez dugun gizarte eredu bat inposatu digute, eta horri alternatibak bilatu gura dizkiogu. Gustuko dugunaren alde egin behar dugu, beste inork ez baitigu emango.
*Elkarrizketa, osorik, biharko HITZAn.