Osakidetzan prekarietateari aurre egiteko kanpaina hasi zuen ELAk orain hiru hilabete eta, orduz geroztik, protestak egiten ari dira osasun zentro eta ospitaleetan. Gernika-Lumoko ospitalearen aurrean elkarretaratzea egin dute gaur goizean eta, salatu dutenez, osasun zentro horretan lan egiten duten beharginen %90 egoera prekarioan ari da. ELAko Osakidetzako arduradun Peio Igeregik salatu duenez, “langileen %90 behin-behineko kontratuarekin ari da lanean”.
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Osakidetzako langile askok pairatzen duten egoera konpontzeko, 5.000 lanpostuko lan deialdi publikoa deitzeko eskatu dio ELA sindikatuak Jon Darpon Osasun sailburuari. “Orain gutxi 507 lanposturako deialdia egin zuten, baina ez dira nahikoak”, kexu da Igeregi.
Gernikako ospitalaren kasuari dagokionez, gainera, zerbitzuek dituzten gabeziak aipatu ditu ELAko arduradunak. “Hau ere ospitale bat izan dadila eskatzen dugu, eta bere zerbitzuak indartzea”. Laborategian gauetan ere teknikari bat izatea lortu dutela aipatu du, “eta protesta eginez lortu dugu”· Dena den, zerbitzuak gabeziak dituela esan du. “Ez dago segurtasn zerbitzurik, eta langileek egoera latzak pairatu behar izan dituzte”, azaldu du.
Gernika-Lumoko ospitalean ere zerbitzu on bat ematea eskatu du sindikatuak, “eta horretarako langileak behar dira; bai ebakuntzak egiteko langileak, ospitaleratzeak egiteko langileak, larrialdi zerbitzu egokiak behar dira, plantak ireki behar dira eta oheak jarri”, esan du. Hori guzti hori falta dela dio Igeregik; hortaz, Busturialdeko herritarrei agindu zitzaiena Osakidetzak ez diela eman. Galdakaok artatzen duen gaixo bolumena arintzeko zabaldu zuten Gernika-Lumoko ospitalea, eta Busturialdeko zein Lea-Artibaiko herritarrei ematen die zerbitzua. Hala ere, ELAko arduradunak esan duenez, “larrialdi zerbitzu integralik ez dago, eta Gernikan artatu ondoren, jende asko Galdakaora bidali behar izaten dute”. Pediatria zerbitzuarekin ere gauza bera gertatzen dela azaldu du, eta informazio eza kritikatu. “Herritarrak informatu behar dira, eta, ospitale zerbitzua eman behar bada duintasunez eman beharko dute”, azpimarratu du.
Busturialdeko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.