2016ko Euskal Ligako lehen lasterketa lehiatu zuten goitibeheretako parte hartzaileak zapatuan, Idiazabalen (Gipuzkoa). Busturialdekoek emaitza ezinhobeak lortu zituzten bertan. Sailkapeneko lehenengo saria ere, eskualdean geratu zen: Trokan Behera taldeko Ibai Zumalakarregi pilotu eta Ibai Ajuriagoikoa kopilotu gernikarrek lortu baitzuten denbora onena egitea.

Euskal Ligako lehen lasterketa jokatu dute Idiazabalen, asteburuan. Argazkilaria: Aimar Maiz / Goierriko Hitza
Talde bereko Iskander Kobeaga eta Gorka Muniategi irabazlearen kategoria berean lehiatu ziren, alegia, pneumatiken Gx klasean, eta zazpigarren egitea lortu zuten. Ereñoko Jon Naberan bi horien atzetik sailkatu zen.
Trokan Beherakoak beste hainbat klaseetan ere lehenengoen artean ibili ziren. Drift Trike kategorian, esaterako, laugarren egin zuen Ibai Urrutia gernikarrak, eta bigarren eta laugarren egin zuten, berriz, Skeleton mailan, Jon Kepa Jauregi eta Dani Jauregi anaiek, hurrenez hurren.
Buru Barik taldeko Samuel Torrico mundakarra nagusitu zen azken kategoria horretan, eta seigarren egin zuen, aldiz, bere anai Bingen Torricok.
Azkenik, ohiko goitibeheraren gainean lehiatu zen parte hartzaile bakarra izan zen Eduardo Vallejo gernikarra.