Bariku gauean atxilotu zuen Ertzaintzak 31 urteko gizonezkoa, egun batzuk arinago Bakioko etxebizitza batean egindako lapurreta bat leporatuta. Segurtasun Sailak zehaztu duenez, urtarrilaren 24an ikusi zuten gizonezkoa Bakioko BI-3101 errepidean autoagaz aparkatuta, etxebizitza batzuen aurrean.

Gernika-Lumoko ertzainetxea
Susmagarria zela iritzita, identifikatu egin zuten gizonezkoa, eta autoaren atzeko eserlekuetan tamaina handiko telebista bat zeramala ikusi zuten. Hori dela eta, maletategia zabaltzeko eskatu, eta hainbat objektu aurkitu zituzten barruan; ordenagailu eramargarri bat, alkohol botilak eta pernil bat, besteak beste. Horien jatorriaren inguruko azalpenik eman ez zuenez, Ertzaintzak konfiskatu egin zizkion objektu guztiak.
Biharamunean izan zuen poliziak lapurretaren berri, eta ustezko lapurraren etxera joan zen bariku arratsaldean. Ez zuten etxean aurkitu, eta, azkenean, 21:30ak aldera atzeman zuten.