III.Foro soziala egin dute gaur goizean Gernika-Lumon. Lizeo antzokia bete egin da, gatazkaren konponbidean armagabetzeak izan behar lituzkeen oinarriak zehazteko foroan parte hartu duten herritarrekin. Tartean, gizarte eragileetako ordezkariak, alderdi politikoetakoak… Denak ere, hizlarien ponentziei adi. Harremanetarako Nazioarteko Taldearen ordezkari Brian Currin abokatu hegoafrikarrak egin du Euskal Herriko bake prozesuak izan duen ibilbidearen laburpena eta hausnarketa. Hark ere gainontzeko hizlariek zabaldu zuten mezuarekin bat egin du; alegia, gizartearen papera erabakiorra dela bake prozesuak aurrera egin dezan.
Herbolzheimer, Currin eta Dudouet
Konponbideak gaur egun blokeo egoera bizi duela esan du Currinek, azken lau urteetan aurrerapausorik eman ez dela iritzita. Espainiako Gobernuak bake bidean urratsik ez emateak eragina duela esan du; baina gardetasun eza ere arrazoi gisa aurkeztu du Currinek. Azaldu duenez, armagabetze prozesua hasi zuen erakunde armatuak, eta hori egiaztatzeko nazioarteko batzordea ere eratu zen. Hala ere, urrats hark ez zuen sinesgarritasunik irabazi. “Prozesu horrek ez zuen herritarrek eskatzen zuten gardentasuna”, esan du Currinek, eta konfiatza ezak prozesuaren moteltzea ekarri zuela.
Euskal herritarrak gai badira gizartean dagoen hausturarekin amaitzeko, prozesuak aurrera egingo du”
Egoera horren aurrean gizartea aktibatzearen beharra azpimarratu du Harremanetarako Nazioarteko Taldeko kideak: “Gizarteak bilatu behar du giltza eta gero, agiaan, Espainiar estatuak beste biderik ez du izango prozesuarekin bat egitea baino”. Gizarte zibilak du erantzukizuna, haren ustetan, eta lanean jaarraitu behar du.
Berradiskidetzearen bidean hasiak direla aitortu du Currinek, eta garrantzia eman dio gatazka bizi izan dutenekin hitz egiteari. “Euskal herritarrak gai badira gizartean dagoen hausturarekin amaitzeko, prozesuak aurrera egingo du”, aipatu du.
Conciliation Resources eragilearen Kolonbiarako arduradun den Kristian Herbolzheimerrek ere komuneko espazioak bilatzeari eman dio garrantzia, gizartea prozesura biltzeko. Era berean, eztabaida zibilak eta politikoak elkar elikatu behar dutela azaldu du bere hitzaldian. Kolonbiaren adibidea jarri du, eta biktimak onartzea eta horiekiko errespetua ezinbestekoa dela esan du. Euskal Herriak Kolonbiako bake prozesutik zer ikasi izan dezakeela esan du. Hala ere, azaldu du nazioartetik hel daitezkeen esperientziak lagungarri izan daitezkeen arren, bake prozesuaren garapena tokian tokikoa izan behar duela.
Anais Funosas eta Agus Hernan
Kolonbiako bake prozesuaren ekarpena ekarri du, baita ere, Alberto Spektorowski Harremanetarako Nazioarteko Taldeko kideak. Hark ere, gatazka bakoitza desberdina dela esan du, eta esan du oztopen artean aipagarria dela Espainiar estatuaren jarrera. Presoen egoera izan du gogoan; Spektorowskiren ustez, presoek bizi duten egoerarekin eta sakabanaketa politikarekin amaitzea bake bidea egiteko ezinbestekoa da. Dena den, inmobilismoaren aurrean nork bere bidea egin behar duela esan du Nazioareko taldeko kideak. Gizarte zibilak inplikatu beharko lukeela esan du, eta, lan gogorra den arren, orain huts egiteak bake prozesua hasi ez balitz baino okerragoa izan daitekeela.
Armagabetze prozesurako bide asko egon daitezke”
09:30ean hasi da foroa, Carlos Alberto Ruiz abokatu kolonbiararren hiztaldiarekin. Kolonbiako bake prozesuaren eta Habanako bake elkarrizketen berri ekarri du Ruizek. Gaurko foroan Veronique Dudouet Berghof Foundationeko kideak ere parte hartu du. Armagabetze prozesuan hirugarren pertsona independenteek izan dezaketen garrantzia azpimarratu du, “zilegitasuna emateko eta prozesua behar bezala ematen dela ziurtatzeko”. Nazioarteko taldeen presentzia gomendatu du; “baina errezeta asko egon daitezke”, esan du. Nazioarteko komunitatateak lana erraz dezakeen arren, Hegoafrikako kasua ipini du adibide, autoarmagabetzea burutu zutela aipatuz.
Armagabetzea Euskal Herrian errendizio gisa har daitekeelaren kezka agertu du parte hartzaile batek. Galdera horri erantzunez Dudouet-ek erantzun du aldebakarrekoa izan arren, ez dela etsaiaren aurrean amore ematearekin lotu behar. “Soluzio eraikitzaileak behar dira gatazkarekin amaitzeko”, esan du.
Gaurko foroaren ondorioak jasota, horiek aztertu eta otsailean aurkeztuko dute ekarpen zehatza. Martxoan, berriz, foro soziala modu iraunkorrean osatzeko asmoa agertu dute bultzatzaileek.