Assasin Rock eta
Acero y Sangre diskoen ostean, urtarrilean kaleratu du Bermeoko The Hammer Killers musika taldeak bere azken lana:
Rock & Roll Division. Aitor Bengoa, Unai Abasolo eta Urtzi Bilbao bermeotarrek osatzen dute taldea. 11 urte daramatza The Hammer Killersek lanean; hala ere, zenbait aldaketa ere izan dira taldekideetan. Taldea momenturik onenean dagoela uste dute, eta bideak zabaltzeko lanean ari direla azaldu du Bilbaok.
Unai Abasolo, Urtzi Bilbao eta Aitor Bengoa
Hirugarren diskoa kaleratu duzue. Zer eskaintzen du disko berriak?
Disko berri honetan, alde batetik, taldeko rockaren indarra nabaritu daiteke; eta, bestetik, abesti onak eta soinu ezin hobea eskaintzen du. Taldearen estilo propioa finkatu dugu azken lan honetan.
Zenbat abestik osatzen dute diskoa?
Hamar abestirekin osatuta dago, guretzat zenbaki borobila delako.
Letrak eta musika zuek egindakoak al dira?
Bai, letrak zein musika taldekideek egindakoak dira,
Muerte y gloria abestiaren kasuan izan ezik. Abesti horren musika Motorhead taldearena dela esan beharra daukagu.
Zer kontatzen dute zuen letrek?
Gure abestiek denetik kontatzen dute, hainbat baitira jorratzen ditugun gaiak. Fikziozko istorioak, gai politikoak eta sozialak, pertsonaia bereziak ere agertzen dira, eta baita gerren ingurukoak ere, besteren artean.
Iaz bateria berria batu zitzaigun taldera, Unai Abasolo. Abasolok bere esperientzia ekarri zuen taldera, eta bide berriak zabaltzen ere lagundu digu: grabatzerakoan, kantak egiterakoan…”
Aldaketarik ba al dago aurreko diskoetatik?
Taldea asko hobetu da, eta teknikoki oso aldaketa handia izan du. Hala, taldeak onera egin du nabarmen, bai musika aldetik, baita letrei dagokienez ere. Gure betiko entzuleek lan honetan nabarituko dute taldeak hobera egin duela. Hortaz, merezi du entzuteak.
Bideoklip bat ere grabatu duzue, ezta? Zein abestirena?
Bai, hala da.
Muerte y gloria abestiarena. Bideoklip horretan Rat-Zinger taldeko abeslari Podrik parte hartzen du. Izan ere, abesti horretan haren kolaborazioa izan dugu diskoa grabatzerako orduan.
Aldaketak izan dira taldean. Aldaketa horiek nabarmenak al dira diskoan?
Bai, hala da, aldaketak izan ditugu. Iaz bateria berria batu zitzaigun taldera, Unai Abasolo. Abasolok bere esperientzia ekarri zuen taldera, eta bide berriak zabaltzen ere lagundu digu: grabatzerakoan, kantak egiterakoan…
Autoekoiztutako diskoa al da? Non grabatu duzue? Zelan lortzen da dirua lan bat kaleratzeko?
Bai, guk ekoiztutako diskoa da azken hau ere. Chromaticity estudioetan ekoiztutako lana da; Pedro J. Mongek ekoiztutakoa, hain zuzen ere. Diskoa ordaintzeko beharrezkoa den dirua ematen ditugun kontzertuen bitartez, aurreragoko diskoen salmentekin eta kamisetak saltzen lortzen dugu. Dena den, egia da guk geuk ere zerbait jarri behar izan dugula.
Diskoa digitalean jaisteko aukera badago, eta zenbait dendatan ere salgai jarri duzue.
Itunes, Amazon eta Spotify-ren bidez lor daiteke gure azken diskoa. Disko fisikoa gura duenak ere aukera dauka Bermeoko zenbait dendatan erosteko: Luma liburudendan edota Txokolat-en. Orain, baina, diskoa ahalik eta gehien zabaldu asmoz, estaturako distribuzioa negoziatzen ari gara zigilu bategaz.
Itunes, Amazon eta Spotify-ren bidez lor daiteke gure azken diskoa. Disko fisikoa gura duenak ere aukera dauka Bermeoko zenbait dendatan erosteko: Luma liburudendan edota Txokolat-en”
Aurkezpen kontzerturik egin al duzue?
Disko berria aurkezteko lehenengo kontzertua Laudion eskaini genuen, urtarrilaren 16an. Hurrengo kontzertua Bilboko Kafe Antzokian emango dugu; otsailaren 4an izango da hori. Turbofuckers taldearekin batera egongo gara agertoki gainean, eta sarrera dohainik izango da. Beraz, ea jendea animatzen den gu ikustera. Ondoren, otsailaren 6an Porco Bravo taldekoekin batera egongo gara Gernika-Lumoko Iparragirre Rock Elkartean. Apirilean, berriz, Donostian izango dugu hitzordu bat. Hemendik aurrera sortzen zaizkigun hitzordu guztiak ongietorriak izango dira, gogotsu gaude-eta jotzeko.
Zer moduz zuzenekoak? Ondo moldatzen al zarete?
Zuzenekoak beti ondo egoten dira. Are gehiago bertaratzen direnak animatzen baldin badira, eta giro ona sortzen baldin badute. The Hammer Killers taldeak, gainera, zuzeneko oso indartsuak eskaintzen ditu.
Hainbat urte daramatza taldeak lanean. Ez al da zaila izaten gaur egun talde bat mantentzea?
11 urte dira The Hammer Killers taldea sortu zenetik. Taldeak gorabeherak eduki baditu ere, azken bi urteak izan dira guretzako onenak, eta orain taldea inoiz baino hobeto dagoela esan dezakegu. Manager bategaz lanean hasi gara, Muskerra ekoizpenaren rooster barruan. Disko berriak, gainera, oso harrera ona eduki du. Bestalde, 2016 hau oso ona izango dela aurreikusten dugu. Izan ere, estatu mailan kontzertuak ematen hasiko gara.
Denbora asko ematen al diozue elkartzeari eta entseguak egiteari?
Astean birritan batzen gara, asko jota hirutan. Baina orain, kontzertuak sarri ditugunean, astean behin batuta eta kontzertuagaz nahikoa izaten da. Hala ere, esan beharra daukagu taldeak beti duela jotzeko gogoa; ez gara inoiz aspertzen.