Herrian garbitasuna eta hondakinen bilketa hobetzeko inbertsioak egingo ditu Gernika-Lumoko Udalak. Hain zuzen ere, 2.768.930,77 euroko partida gorde du horretarako. Zehaztu duenez, makinak eta ibilgailuak berriztuko ditu. Gernika-Lumok aurrerantzean, guztira, 21 ibilgailu izango dituela zehaztu du udalak; denek ere, segurtasun eta kutxadura gutxiko Europako araudia beteko dute. Hiru eskobatzaile; 8.000 litroko zizterna bat; hamabi tonako garabiadun ibilgailua; ibilgailu elektriko laguntzailea; hidrogarbitzailea; triziklo elektrikoa; orga bat galdarak garraiatzeko; garbitzaile bat; putzegile elektrikoa; gatz sakabanatzailea; edukiontziak jasotzeko ibilgailu elektrikoa; ekipamenduetarako furgoneta; zamalanak albotik egiteko ibilgailu satelitea; albotik eta atzetik jasotzeko biltzaile bana; gune mugikor elektrikoa eta bi bizikleta elektriko erosiko ditu udalak. Halaber, edukiontziak, paperontziak eta gune garbiak ere jarriko ditu udalak.
Konposta egiteko tailerra Ean
Ingurumena gehiago ez kutsatzeko bidean aurrerapausoak eman gura dituztela esan du Gernika-Lumoko Ingurumen zinegotzi Maria Uribek; horretarako, “gutxi kontsumitu eta zaratu gutxi ateratzen duten ibilgailuak” jarriko dituztela esan du. Halaber, asteburuetako garbiketa zerbitzua hobetuko dutela esan du.
Zabor organikoak
Bosgarren edukiontziaren aldeko apustua ere egingo du udalak. Hala, zabor organikoa ere modu selektiboan batuko da. Edukintzi hori jartzea ala ez norberak erabakiko duela zehaztu du udalak, eta merkataritzan, jatetxeetan, ikastetxeetan, zahar etxeetan eta gai organikoa sortzen duten beste gune batzuetan batze indibidualizatua egingo dutela jakinarazi dute.
Bosgarren edukiontzia erabiltzea erabakitzen duten herritarrek beraiek sortutako hondakin organikoak horretarako beren beregi jarritako edukiontzietara botako dituzte, konposta egiteko aukera izanik. Horretarako, baina, komunikazio eta sentsibilizazio kanpaina abiatuko du Gernika-Lumoko Udalak. Izan ere, zehaztu dutenez, zabor organikoen batze selektibo hori eginda, birziklatze indizeak gora egin dezake. Aipatu dutenez, etxeetan betetzen diren zabor poltsetako %35 konpost bihur daiteke.
Bestalde, udalak jakinarazi du hondakin organiko asko sortzen duten jatetxeetan eta tabernetan, fruta dendetan, ikastetxeetan eta zahar etxeetan, zaborra batzeko zerbitzu pertsonalizatua jarriko dutela. Uriberen arabera, “hondakin organikoa era selektiboan batuta, ingurumena hobetuko dugu eta Gernika-Lumo hiribildu jasangarriagoa izango da”.
Garbiontzi mugikorra
Azkenik, etxeko hondakinak batzeko edukiontzi mugikorra jartzeko asmoa ere badu udalak. Horrela, hondakin horiek birziklatzea eta tratatzea errazagoa izango dela diote udal arduradunek. Azaldu dutenez, ibilgailu batek garraiatuko du edukiontzi hori udalerriko gune jakin batera. Denbora jakin baten ostean, udalerriko beste gune batera eramango dute, zerbitzu bera egiteko.
Edukiontzi horretan batu ahal izango diren produktuak hauek dira: toxikoak, gaur egunera arte birziklatu ez direnak, pinturak, lakak, barnizak, fluoreszenteak eta lanparak, hondakin elektrikoak, ez izoztekoak, disolbatzaileak eta abar.
Jarduera guzti horien helburua da hondakinen %50 birziklatzea, gutxienez. Horretarako, kartoia eta merkataritzako papera biltzeaz gain, sentsibilizazio kanpainak egin edota birziklatzea
erraztuko duen edukiontziak dituzten iragarkiak jarriko ditu udalak.
EH Bilduk, bere aldetik, garbitasun eta hondakinen trataerari buruzko kezka agertu zuen azken udal osoko bilkuran. Galdera eta erreguen tartean, hondakin organikoen bilketari eta batzen den hondakin kopurari jarraipena egiteko eskatu zion udalari. Garbitasuna eta hondakinen kudeaketa zerbitzu oso konplexua dela esan zuen koalizioak, eta kexa agertu zuen esternalizazioak erabat desagerrarazi duelako udaleko garbitzaileen brigada.