Gernika-Lumoko Lizeo Antzokian egingo dute bake prozesua indartzeko hirugarren foro soziala. Bake Bidean, Uharan eta Gernika Batzordeak elkarteek eta Antxeta Irratiak deitu dute. Diotenez, bakea gizartetik eraiki behar da, eta, horretarako, gizartea aktibatzeko beharrizana ikusten dute.
Bilbon egin zuten Hirugarren Foro Sozialaren aurkezpena. Ezkerrean, Gernika Batzordeko Sabin Ibazeta. Monika del Valle/Argazki Press
Bihar Gernika-Lumon egingo duten III. foro sozialean herritarren parte hartzea bultzatu gura dute. Armagabetze ordenatu baterako oinarriak finkatzea izango du helburu biharko deialdiak, eta prozesu horretan gizarte zibilaren ekarpena bideratzea. «Gizartea aktibatzea da bultzatu gura duguna», Gernika Batzordeko kide diren Sabin Ibazeta eta Juan Izagirreren esanetan. 2013. urtean egin zuten azken foro soziala eta, orduz geroztik, blokeo egoera bat eman dela aipatu dute. «Blokeoa apurtzeaz gain, parte hartze iraunkorra da sortu gura duguna», dio Ibazetak. Azken foroan finkatutako zenbait erabaki oraindik gauzatu gabe daudela dio Izagirrek, eta gizartearen ekimena berraktibatzeko beharra dagoela dio.
Biharko foro sozialean, beraz, parte hartzerako deia zabala da. 09:00etan zabalduko dituzte Lizeoko ateak, eta foroa ordurako hasiko dela ohartarazi dute, 09:30erako.
Kolonbiako bake prozesua
Bi atal izango ditu biharko ekitaldiak. Lehenengoan Carlos Alberto Ruiz abokatu kolonbiarrak eta Alberto Spektorowsky harremanetarako Nazioarteko Taldeko kideak parte hartuko dute. Kolonbiako bake prozesuko La Habanako elkarrizketetan aholkulari ibili dira biak. Hala, hango bake prozesuaren azterketa eging du Ruizek, eta Euskal Herriak handik har ditzakeen ideiak azaleraziko ditu Spektorowskyk.
Bigarren atalean armagabetze prozesuaren baldintzen azterketa eta gizarte zibilaren ekarpena izango dute aztergai. Horretarako, Harremanetarako Nazioarteko Taldearen ordezkaria den Brian Currin abokatu hegoafrikarrak armagabetze prozesuaren oinarritik gaur egun arte egindako bidea azalduko du.
Veronique Dudouet Berghof Foundationeko kideak eta Conciliation Resources eragilearen Kolonbiarako arduradun den Kristian Herbolzheimerrek armagabetze prozesuetan gizarte zibilak izan dezakeen papera azalduko dute.
Estatuen blokeoa
Barikuan egin zuten Gizarteak eraikiz, bake prozesua indartzeko hirugarren foro sozialaren aurkezpena, Bilbon. ETAk armategien zigilatze prozesua 2014ko otsailean hasi zuen, NAzioarteko Egiaztatze Batzordeak gainbegiratuta. Hala ere, orduz geroztik prozesua «oso motel» garatu dela azaldu zuen Peio Dufau Bake Bidea kolektiboko kideak. Irtenbideak bilatzearen beharra azpimarratu zuen, «estatuen blokeoa gainditzeko eta ETAk zentzuzko denbora tarte batean armagabetzea gauzatu dezan». Azpimarratu zuenez, horretarako garrantzitsua da gizarteak ere arnasa eta bultzada berri bat ematea.
2013ko martxoan antolatu zuten bake prozesua bultzatzeko lehen foro soziala Lokarrik eta Bake Bideak. Nazioarteko adituen iritziak eta herritarren ekarpenak aintzat harturik, hainbat gomendio proposatu zituzten orduan.
Gerora, beste bi foro sozial antolatu dituzte presoen etxeratzearen, giza eskubideen eta gizarte zibilaren parte hartzeari buruz. Hala ere, Dufauren esanetan, Hego Euskal Herrian, «tamalez», gomendioek ez dute garapen praktikorik izan.