Txomin Aranak (Ereño, 1985) ezin izan du Dakarrerako zuen helburua bete. Iaz lortutako 16. postua hobetzea zuen xede, baina eroriko bat izan, eta agur esan behar izan zion lasterketari.
Txomin Arana ereñarra
Nola baloratuko zenuke aurtengo Dakar lasterketa?
Era positiboan baloratuko nuke. Pena izan da ez bukatzea, bide erdian geratu garelako; baina egindako lana, behintzat, oso ona izan dela deritzot.
Eroriko bat izan zenuelako ez zenuen bukatu.
Nabigazioko lehenengo etapa bukatzen nengoela –20 bat kilometro geratzen zirela– bidean harri bat zapaldu eta erori egin nintzen. Nahiko gogor kolpatu ninduen: hegaz atera nintzen, eta motorra erabat hautsi zen. Nabigazioaren sistema guztiz apurtu zen, eta baita motorraren aurreko gurpila ere. Hori horrela, ez nuen jarraitzerik izan.
Motorra hautsiko ez balitz, aurrera jarraitzerik izango al zenuke?
Min hartu nuen, baina jarraitzeko moduan nengoen. Hala ere, aurreko gurpila hautsita zegoenez, ezinezkoa zen jarraitzea. Beste zerbait apurtu izan balitz, eta motorrak aurrera egiteko aukerak balitu, jarraituko nuke, baina ez zen hala izan.
Kolpearen ondorioz jasandako mina baino handiagoa izango zen lasterketa utzi behar izateak eragindakoa, ezta?
Hartutako kolpea ikaragarria izan zen, eta nik ezer ez egin izana izugarria izan zen. Motorra zein egoeratan geratu zen ikusi zutenek txarrena espero zuten. Zortea izan nuen, eta, zutik jartzeko gaitasuna nuela ikusi nuenean, poztu egin nintzen. Motorrak aurrera egiteko aukerarik ez zuela ikusita, pena handia hartu nuen, baina bertan momentuan baino nahigabe handiagoa hartu nuen lasterketak aurrera egin ahala. Dena den, aurre egin behar zaio, ez baitago atzera bueltarik.
Motorrak aurrera egiteko aukerarik ez zuela ikusita, pena handia hartu nuen, baina bertan momentuan baino nahigabe handiagoa hartu nuen lasterketak aurrera egin ahala”
Horrelako ezbeharrek egiten dute, besteak beste, Dakar lasterketa berezi.
Hala da, bai. Bertara joan aurretik zerbait gerta daitekeela badakigu, eta horri aurre egitea da bide bakarra. Guri gertatu moduan, beste askori gertatzen zaie, eta horren aurrean ezin daiteke ezer egin.
Erori aurretik nolako lasterketa egiten zenbiltzan?
Prologo egunetik hasita, uste dut oso lasterketa ona egiten nenbilela. Hamabigarren postua eskuratu nuen orduan, eta harritu egin ninduen horrek. Izan ere, 25 pilotu ofizial zeuden Dakarrean, eta horietatik aparte, munduko txapeldun izandako beste hainbat ere. Beraz, horien artean edo horiek baino hobeto ibiltzea poztekoa da. Lasterketak aurrera egin ahala, postuetan behera egingo nuen pentsamendua neukan, baina ez zen hala izan. Etapa bitan zazpigarren postua lortu nuen; hori itzela izan zen.
Postu hori mantentzea zen asmoa, baina erori nintzen etapan –zortzigarrenean–, ura eramateko zorroarekin arazo bat izan nuen. Mahuka askatu zitzaidan eta ura gordetzen joan nintzen. Bero asko egiten zuen etapa luze bat zen, eta ura edukitzea oso garrantzitsua zen. Mahuka aho barruan neukan, mihiarekin ezkutatzen. Goragalea sortzen zidan horrek, eta ezin nion beharrezkoa zen arreta eskaini lasterketari. Beranduago, pilotu batek tapoi bat utzi zidan, eta behar bezala gidatzen hasi nintzen. Hainbat pilotu gainditzen hasi nintzen, eta 27. postutik 14. postura igo nuen. Baina, etapa bukatzeko 20 kilometro geratzen zirela etorri zen ezbeharra.
Iaz lortutako 16. postua hobetzea zen zure helburua. Erorikorik izango ez bazenu, helburua beteko al zenuke?
Nik uste dut 16. postu hori ziurtatuta baneukala. Zortzi etapa amaituta geneuzkan, eta bost falta ziren; horietako bi gogorrak baziren ere, gainontzekoak gainditzeko errazak ziren. Beraz, nik uste dut etapa bi horiek atzetik amaituta ere, lehenengo hamabi edo hamarren artean sailkatzea posible neukala.
Ia motorragaz probarik egin barik joan nintzen Dakarrera, eta oso ondo moldatzen nenbilen”
Motor berria izan duzu aurtengo Dakarrean. Nola moldatu zara?
Ia motorragaz probarik egin barik joan nintzen Dakarrera, eta oso ondo moldatzen nenbilen. Erorikoaren egunera arte ez zuen inongo arazorik eman. Nik uste dut ondo amaituko lukeela.
Lasterketa ez bukatu izanaren arantza kentzeko, datorren urtean bueltatuko al zara Dakarrera?
Zalantzarik barik, Dakarrera joateko asmoa eduki badaukat, posible bada, behintzat. Izan ere, aurten asko kostatu zaigu joatea; beraz, ea datorren urtean talderen baten laguntza edo bestelako laguntzarik jasotzen dugun.
Talde ofizialen batean egoteko esperantzarik ba al daukazu?
Ez dut uste talde ofizial batean egotea erraza izango denik, baina ea, behintzat, beraien gutxi gorabeherako mailara egokitzen den talde batean egoteko aukerarik dagoen.
Aurten goreneko postuetan egoteak lagundu al dizu talde batzuen arreta erakartzen?
Nik uste dut jendeak begia bota didala eta askoren ahotan egon naizela. Horrek ez du esan nahi datorren urtean zerbait aterako denik, baina, behintzat, ikusi dute azpiegitura eta baliabide murritzekin ere onenen artean egon naizela.
Komunikabideetan zure lekua izan al duzula uste al duzu?
Ez dut askorik ikusi, bertan zaudela askotaz ez baitzara ohartzen. Baina nik uste dut Euskal Herrian gutxienez mugimendu handia egon dela, eta hori eskertzekoa da.
Herritarrengandik harrera beroa jaso zenuen iazko Dakarretik bueltan. Aurten ere holakorik somatu al duzu?
Nik uste dut baietz; beharbada, beroagoa ere bai. Ez nuen halakorik espero aurten, baina egin dugun lana ikusi, eta baloratu egin du jendeak.
Hobeto prestatuta joan naiz aurten. Nabaritu egiten da urterik urte hobetzen noala. Aurten alturan entrenatu dut, baina ez dut aparteko entrenamendurik egin Dakarrerako”
Iazkoagaz alderatuta, aldaketarik nabaritu al duzu?
Hobeto prestatuta joan naiz aurten. Nabaritu egiten da urterik urte hobetzen noala. Aurten alturan entrenatu dut, baina ez dut aparteko entrenamendurik egin Dakarrerako. Talde ofizialeko pilotuek, esate baterako, 25.000 kilometro egiten dituzte motor gainean, eta nik, berriz, 500 kilometro egin ditut. Batek esan zidan Dakarrera joateko 25.000 kilometro egin behar zirela, baina guretzat diru aldetik ezinezkoa da hori. Nahikoa zaigu bertan egoteko aukera edukitzeagaz.
Hurrengo Dakarrerako urtebete falta da oraindik. Bitartean, zer egingo du Txomin Aranak?
Orain arte motokrosean ibili gara urtero, baina ez dut uste Dakarra prestatzeko aproposena denik urte osoan motokrosa praktikatzen aritzea. Balio du, motor gainean zaudelako eta egoera fisikoa mantentzen laguntzen duelako, baina aurten onena rallyetan buru-belarri sartzea litzateke; hartara, datorren urtean Dakarrean beste pauso bat eman ahal izateko. Posible bada, beraz, hori egingo dugu, baina horretarako laguntza handia beharko dugu. Bestela, motokrosa egingo dugu, orain arte bezala.