Sei urte dira
Euskal Herriko Inertzia Kirolen federazioa sortu zenetik, baina goitibehera lasterketak antolatzearena aspaldikoa da. Beharrizanetik sortu zuten, eta, geroz eta gehiago dira kide.
Busturialdeko goitibehera parte hartzaile batzuk, iaz.
Iaz, esaterako, 75 lagun federatu ziren, eta, aurten, gehiago izatea espero du federazioak. Urtebetean, gora egin zuen federatu kopuruak; 2014an, 46 lagun ziren eta 2015ean, berriz, 75. Federatuak, hala ere, ez dira goitibehera lasterketetan parte hartzen duten bakarrak; izan ere, «jende askok bere herriko jaietako jaitsieretan parte hartzeko ohitura du, federatuta egon gabe», azaldu du
Jon Jauregi EHIKF-ko kideak.
Asteburuan edukiko dute
2016ko Euskal Ligako lehen lasterketa, Idiazabalen (Gipuzkoa). Egin beharreko egiaztapenak eginda, 14:00etan emango diote hasiera lasterketari.
Hilaren 30ekoa lehenengoa izango bada ere, urtean zehar, beste hainbat hitzordu edukiko dituzte kirol hori praktikatzen dutenek. Iaz, esaterako, hamabi lasterketa antolatu zituzten; aurten, baina, hiru gehiago izatea espero dute. «Batzuetan, diru faltagatik edota udal antolatzaile ezagatik ezin izaten zaie jarraipen bat eman lasterketei».
Modalitate batean zein bestean parte hartzen dute goitibeheretan; izan ere, lau kategoria nagusi biltzen dituzte goitibeherek:
Pneumatikak, Arrodamentuzkoak, Arinak eta Drift Trike modalitatekoak. Kategoria bakoitza, gainera, multzo ezberdinetan banatzen dela azaldu du Jauregik: «hala nola, tamainaren, parte hartzaileen kopuruaren, gurpil kopuruaren, neurrien, pisuaren, balazta motaren… arabera».
Busturialdeko goitibeheretako parte hartzaile bat, iaz.
Hala ere, bada modalitate horietan guztietan gailentzen dena: Drift Trike. Gernika-Lumokoaren arabera, «irristatzeak egiteko aproposena». Halaber, eraikitzeko oso erraza eta merkea izateaz gain, daukan tamainari esker, lasterketara eramateko erraza ere badela dio Jauregik, eta, horregatik, gazteen artean modan dagoena dela.
Arrodamentuzko goitibehera tradizionalak, berriz, «zoritxarrez» galtzen ari direla jakitera eman du. «Pneumatikodun gurpilen kategoria sortu zenetik, abiadura bilatzen dutenek arrodamentuak alde batera utzi dituzte. Hala ere, badago oraindik, sasoi bateko goitibehera zaharra martxan daukanik». Gauzak horrela, goitibehera tradizional horiek bultzatzeko zerbait egitea pentsatu du federazioak.
Kategoria batean zein bestean lehiatuta ere, parte hartzaileen arteko norgehiagoka bizia nabaria izaten da lasterketetan. Sailkapeneko lehenengo hamabiak bi segundoko tartean sailkatzera ere ailegatu dira, eta, horietan, «lagunik ez» dela izaten dio Gernika-Lumoko pilotuak. Azkar ahazten zaie
goitibehera gaineko lehiakortasun hori, bertatik jaistean, giro paregabea izaten baita nagusi.
Kirol ez onartua
Beste hainbat kiroletan ere ikusten da lehia hori, baina goitibeherena ez da ohiko kirolen parekoa;
ez baitago kirol bezala onartuta. Eta hori hala izatea «beharrezkotzat» ikusten du EHIKFk, «Europako beste hainbat herrialdetan legez». Oztopo horri, gainera, lasterketak antolatzeko erraztasun eza gehitzen zaiola deritzo federazioak.
«Zenbait udaletxetara lasterketa bat antolatzeko proposamena bidali dugunean, ezezko erantzuna jaso dugu, arriskutsua dela eta istripuak egon daitezkeela argudiatuta», azaldu du Jauregik.
Eta jakin badaki berak ere, duela urte asko goitibehera jaitsieretan ez zela segurtasun gehiegirik bermatzen; hala ere, egun, egoera bestelakoa dela argitu du: «EHIKF lasterketarako
segurtasun neurri guztiak batzeaz eta betearazteaz arduratzen da. Goitibeherek egiaztapen zorrotzak pasatu behar izaten dituzte, eta baita pilotuek ere. Ibilbide osoan zehar, gainera, antolakuntzakoak edo laguntzaileak egoten dira, segurtasuna bermatzen. Bihurgune arriskutsuetan, bestalde, lasto fardelak jartzen dituzte, ingurua ondo aztertu ostea».