Bermeoko Udalaren Kirol Patronatuak eta Taraska-Gazte-Zahar Taldeak elkarlean antolatutako lasterketa da. Azken urteetako erronka nagusia nesken parte hartzea gehitzea izan dute antolatzaileek, hau da, nesken eta mutilen parte hartzea orekatzea, eta guztiz orekatu ez bada ere, iaz nesken parte hartzeak gora egin zuela azaldu dute.
Antolatzaileak lasterketaren aurkezpen ekitaldian
Urtero modura, adin guztietako herritarrak batu gura dituzte herri lasterketan. Hala, lasterketaren izaera «herrikoia eta soziala» dela gogorarazi dute beste behin ere. Irune Ormaetxea kirol zinegotziaren esanetan, «lasterketaren helburua ez da lehiatzea, baizik eta herritarrak kirol jardueraz sentsibilizatzea, osasuna eta kirolaren arteko harreman estua azaltzea eta kirola Bermeoko kaleetan ikustea eta sentitzea». Gainera, mota horretako lasterketen bitartez, kirol ezberdinak hurbildu gura dizkiete herritarrei.
Aldaketak ibilbidean
Iazko modura, lau lasterketa eta lekukotasunezko lasterketa egongo dira, domekan. Parte hartzaile guztiak Lameratik abiatuko dira. Hala ere, aurten, Portuzarrean egiten ari diren lanak direla eta, ibilbideetan aldaketa batzuk egin behar izan dituzte. Horregatik, ibilbideak ere aurrekoetan baino «zerbait» laburragoak izango direla azaldu du Jon Iturbe Taraska-Gazte-Zahar taldeko kideak. Gauzak horrela, parte hartzaileak
Olatua eskulturarantz joan beharrean, Portuzarrean sartuta, eskumarantz egingo dute, Kofradia Zaharretik eta frontoi aurretik Matxikorta kairantz abiatzeko.
Bermeoko XII. herri lasterketan parte hartu gura duten horiek Bermeoko Arane kiroldegian eman beharko dute izena. Lasterketa egunean ere izena emateko aukera egongo dela azaldu dute, 10:15ak arte. Hala ere, antolatzaileen lana erraztu aldera, aurretiaz izena emateko eskaera egin dute. Ume, txiki eta gazteen kasuan euro bana ordaindu beharko dute, eta, nagusiek, barriz, euro bina. Izena emateko orduan, korrikalari bakoitzari bere dortsala emango diote, lasterketa egunean eroan beharko duena.
Aurten, herri lasterketan batzen duten dirua herriko ea ekimen guztietan laguntza ematen egoten den Izaro Bikers motozaleen elkartearentzat izango dela azaldu dute. Ormaetxeak dioenez, «beti egoten dira laguntzeko prest; domekan ere egongo dira, eta euren lana eskertzeko ordua dela uste dugu».
Lasterketa nagusian parte hartzen dutenek, ura edateko aukera izango dute lasterketan zehar. Amaitzerakoan, berriz, opari poltsa bana emango zaie parte hartzaileei, eta dutxatzeko aukera ere edukiko dute Araneko kiroldegian edota Artza frontoian.
ORDUTEGIA
10:45. 14 urtetik gorakoentzako lasterketa nagusia. 7.250 metroko ibilbidea izango da. Lekukotasunezko lasterketa ere ordu berean hasiko da, baina 1.2 kilometro izango ditu.
12:00. 11 eta 14 urte bitartekoak. 1.180 metroko ibilbidea egingo dute. Adin tarte horretako gazteek, lasterketa nagusian ere parte hartu ahalko dute, pertsona nagusi baten ardurapean.
12:20. 7 eta 10 urte bitartekoak. 590 metroko ibilbidea egingo dute.
12:50. 3 eta 6 urte bitartekoak. 100 metroko ibilbidea egingo dute. Adinen arabera, taldeka banatzen dituzte parte hartzaileak.