Bide onetik goaz. Lelo horrekin aurkeztu dute Eskola Bidea proiektua Gernika-Lumoko ikastetxeek, udalak eta Osasunsareak. Ikasle talde batek lagunduta egin dute aurkezpena gaur goizean. San Fideleko zuzendari Bego Zabaletak azaldu duenez, haurrek autonomia hartzea, ohitura osasuntsuak sustatzea, ingurumena zaintzea, herria hobeto ezagutzea, umeek espazio publikoa bereganatzea eta eraldaketaren protagonista izatea ahalbidetu gura du egitasmoak. Gainera, Eskola Bideak elkarbizitza hobetzeko bide ere izan daitekeela azaldu du, eta herritarrei dei egin diete ardura kolektibo hori har dezaten.
Gaur aurkeztu dute Eskola Bidea proiektua
Gernika BHIko zuzendariorde eta Gernika-Lumoko bi ume ikasleren guraso da Kepa Bilbao. Aurkezpenean esan duenez, denon ekarpenekin burutu gura dute proiektua, eta 2015-2016 ikasturte bukaerarako eskola bidea adostu, seinaleztatu eta proba pilotua egin gura dute. “Hala ere, benetako erronka hurrengo ikasturtean izango dugu”, aipatu du Bilbaok. Izan ere, 2016-2017 ikasturtean hasiko da Eskola Bidea. Helburua da 7-8 urtetik gorako umeek euren kabuz eskolara joatea; oinez, gurpil-aulkian, monopatinean edo bizikletan. Seber Altubeko 8 urteko ikasle batek azaldu duenez, eskolara bere lagun batekin joaten da, oinez; eta egueroko bide hori gustura egiten duela esan du. Ibilgailuei, baina, zebrabideak errespetatzeko eskatu die.
Eskola Bidea proiektua gauzatzeko eskola denetako guraso eta irakasleen lan talde irekia osatu dute, proiektua elkarlanean eta parte hartzean bideratzeko. “Eskola Bidea denona izan behar duenez, familiei, eskolako langileei eta ikasleei inkestak egingo dizkiegu, geletan jarduerak burutuko dira, eta herri mailako batzorde bat eratuko da denon ekarpenak eta ideiak jasotzeko”, azaldu dute.
Udalak laguntza teknikoa eta ekonomikoa emango dio proiektuaari, Maria Uribe zinegotziak esan duenez. Gernika-Lumon iraunkortasuna eta mugikortasuna hobetu gura du udalak, eta elkarlanean egiteari garrantzia eman dio Uribek.
Sare sozialetan ere jarraitu ahal izango da Eskola Bidea proiektua; zehazki, Gernika-Lumoko Eskola Bidea izeneko orrialdea zabaldu dute Facebooken.