Udalak jakinarazi duenez, desfibriladore automatiko bat erosiko du aurki, jende asko biltzen dituen ekitaldietan edota herriko leku publikoetan erabilgarri egon dadin, behar izanez gero. Aurretik, baina, gailua zelan erabili ikasteko aukera emango die herritarrei, Busturialdeko Gizarte Ongizateko Mankomunitatearekin eta Osakidetzaren batera antolatutako hitzaldi informatibo baten bidez.
Desfibriladorea zelan erabili ikasten
Urtarrilaren 29an izango da berbaldia, barikuan. Elizoste aretoan batuko dira, 19:00etan, eta Osakidetzako profesionalak izango dira azalpenak ematearen arduradunak. Bihotz-birikietako bizkortzea zelan egin edota desfibriladorea bera zelan erabili irakatsiko diete ume zein helduei, modu praktikoan.
Mendatako alkate Joseba Mallearen esanetan, “istripu edo arrisku-larrialdi baten aurrean bihotz-birikietako bizkortze teknikak erabiliz denok lagundu ahal dugula jakitea hil edo bizikoa da, bizkortze maniobra bat eginez bizi bat salbatzea gure esku dagoela jakitea. Mendata bezalako herri batean, bizkortze teknikak ezagutzea oso lagungarria da, medikuak etorri arte hain baliogarria den denbora irabazteko”.