Bizkai Buru Batzarreko kideak
Bizkai Buru Batzarra hautatu zuen joan den zapatuan EAJko Bizkaiko Herrialde Batzarrak, Sabin Etxean batzartuta. Hain zuzen, Itxaso Atutxa (2013ko otsailaren 21etik aurrera Bizkaiko exekutiba jeltzalearen buru izandakoa) aukeratu zuen, aho batez, hurrengo lau urteetan Bizkai Buru Batzarra zuzentzeko. Bilkura berean, Atutxak legealdi honetan bidelagun izango dituen hamabi herrialde burukideak aukeratu zituzten, eta tartean da Juan Felix Naberan Gautegiz Arteagako alkatea.
Azken lau urteetan ere BBBko kide izan da Naberan. Hark bezala, karguan jarraituko dute Aitziber Olibanek, Jon Andoni Atutxak, Iñaki Isasik, Idoia Sagastizabalek eta Manu Tejadak.BBBko kide berriak, bestalde, Miren Araneta, Leixuri Arrizabalaga, Josune Gorospe, Martin Perez, Ainhoa Salterain eta Ana San Nicolas dira.
Profila:
– Naberan Ozamiz, Juan Felix. Gautegiz Arteagan alderdikidetu zen 1977an, 54 urte ditu eta euskalduna da. Zientzia Politikotan eta Soziologian lizentziatua da eta hauxe izango da jaioterriko alkate gisa egiten duen laugarren agintaldia (1987-1995 urte bitartean ere alkate izan zen eta orain karguan dago 2011 urtetik aurrera). Naberan Bizkai Buru Batzarreko karguan lehenagotik dagoen burukidea da.