Busturialdeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatea osatzen duten 18 udalerrietako datuak kontuan hartuta, atzerriko biztanleriak gora egin duela jakinarazi dute mankomunitateko arduradunek. Hain zuzen, 2015eko datuekin alderatuta, atzerritik heldutako 62 pertsona gehiago daude erroldatuta 18 udalerri horietan. Azken lau urteetako joera beheranzkoa izan den arren, 2015etik 2016ra bitartean gora egin du atzerritarren kopuruak, eta %80a Gernika-Lumon bizi da.

Etorkinak
Gaur egun, beraz, atzerritik heldutako 2.058 pertsona zenbatu ditu Busturialdeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak; 18 udalerrietako biztanleriaren %7,1. Zehaztu dutenez, batezbesteko hori Bizkaia osokoa (2015ean 5,7) eta autonomia erkidegokoa (2015ean %6,3) baino handiagoa da. Bestalde, azken urtean atzerritik heldutako 29 lagunek nazionalitatea eskuratu dutela aipatu du mankomunitateak.
Mankomunitateak biltzen dituen 18 udalerri horietan bizi diren atzerritarren artean gehienak Errumaniatik etorritakoak dira. bestalde, nazionalitate denak kontuan hartuta, %50 emakumezkoak direla jakinarazi dute. %49 18 eta 39 urte bitartekoa da; eta %19,7 da adin txikikoa.