Bizkaiko zortzi udalerritan daude hiztegiak eskuragarri; baita Bermeon eta Gernika-Lumon ere. Euskarri horren bidez, euskara atzerritarrei gerturatzea du helburu Alkarbide Bilguneak, eta hiztegiaren edizio berria kaleratzeko Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntza izan du.

Eskuko hiztegia
Eguneroko bizimoduan lagungarriak izan daitezkeen oinarrizko hitz eta esaldiak jasotzen dira hiztegian, eta bilaketa erraztearren, gaika antolatuta daude: agurrak, denbora, norabideak, ohiko hitzak, garraioak, pertsonak, jatekoak eta edatekoa, egunak, zenbakiak, etxea, lekuak, dirua, sorlekuak, komunikatzeko euskarriak.
Guztira, Bizkaiko zortzi udalerrik parte hartu dute egitasmoan, eta, herri bakoitzeko etorkinen jatorria zein den kontuan hartuta, bakoitzak erabaki du zein hizkuntza jaso nahi duen hiztegietan. Guztira, 11 hizkuntzatan prestatu dira hiztegiok: gaztelania, ingelesa, frantsesa, errumaniera, arabiera, txinera, portugesa, wolofa, errusiera, katalana eta galegoa. Euskarazko hitz eta esaldiei dagokienez, batuaz edota bizkaieraz jaso dira, betiere tokian tokiko aldaerak ere kontuan hartuta.