Laura Markaidaren (Bermeo, 1992) gradu amaierako lanak saria izan du. Kontsumo berdearen ahulguneak eta indarguneak aztertu ditu Markaidak, eta lan horregatik AECOC elkartearen sari akademikoetako 1.000 euroko akzesit bat jaso du, hain zuzen ere. «Pozik» dago bermeotarra sariagaz: «Proiektuaren atzean lan ordu asko daude eta saria irabaztea oso pozgarria izan da».

Laura Markaida, eskuman, saria hartzen
Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza gradua ikasi du Markaidak Euskal Herriko Unibertsitatean. 2015eko irailean aurkeztu zuen gradu amaierako lana, eta horrekin batera ikasketak amaitu zituen. Estatu mailako lehiaketa izanik, lan dezente aurkeztu direla dio bermeotarrak, bai gradu amaierako zein master amaierako lanak: «Beraz, oso harro sentitzen naiz. Saria garrantzitsua da niretzat batez ere motibazio aldetik, etorkizuneko proiektu eta erronkei gogotsu aurre egiteko». 25.000 enpresa baino gehiago dira AECOC elkarteko kide. Horregatik, Markaidaren ustez, akzesitak aukera ona eman ahal dio bere lana ezagutzera emateko.
«Egungo produkzio erritmoaren ondorioz sortutako kutsadura eta baliabide naturalen agortzea denok ezagutzen dugun arazo handi bat da», dio Markaidak. Kontsumo eredu hori «jasangarria» ez dela eta, jokaera alternatiboak bilatu behar direla uste du, «bai enpresen, bai eta kontsumitzaileen aldetik ere». Dioenez, lana hasi aurretik ez zekien zer zen zehazki marketing ekologikoa, baina irakurtzen hasi ahala, horri buruz ikertzea baliagarria izan zitekeela iruditu zitzaion.
Lanaren bitartez, marketing ekologikoak ingurugiroan izan dezakeen eragin positiboa aztertzeaz gain, enpresen lehiakortasuna hobetzeko estrategia ere izan daitekeela erakutsi du.
Bestalde, kontsumitzaileei egindako galdeketa baten bitartez, jakiak ez diren produktu ekologikoei buruzko ezjakintasuna oso nabarmena dela nabaritu du Markaidak: «Hau da, kontsumitzaile askok produktu ekologikoak janariarekin bakarrik erlazionatzen dituzte; ez dakite bestelako produktuak ere badaudela, hortaz, gutxiago kontsumitzen dituzte».
Horrez gain, kontsumo ekologikoa bultzatzen eta oztopatzen duten faktoreak ere aztertu dituzte, eta jakiak ez diren produktu ekologikoak kontsumitzeko orduan oztopo nagusia ez dela prezioa ikusi dute, ohiko saltokietan aurkitzeko zailtasunak baizik. Horregatik, kontsumitzaileei informazio gehiago ematea beharrezkoa dela uste du Markaidak, «eta produktuok ohiko banaketa kanaletan eskuragarriago jartzea».