Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) Zarautzen egin du gaur goizean Batzar Nagusia. Horretan, besteren artean, Eako Udala mankomunitateko kide izatea onartu dute.
Eako udal ordezkariak, gaur, Zarautzen
Azaldu dutenez, Ean euskararen ezagutza %15,6 jaitsi da azken 30 urtean. baina, hala ere, udalerri euskalduna da oraindik. Gaur egun, %77,1 da euskararen ezagutza indizea. Eako Udalaren arabera “arnasgunea da, oraindik ere modu naturalean euskaraz hitz egin daitekeelako, askorik pentsatu gabe. Belaunaldiz belaunaldi jarraipena izan du euskarak Ean”.
Azken urteotako joerak, ordea, kezka sortu du herritarrengan eta udal ordezkariengan, eta horri erantzun nahi izan diote UEMAra sartzeko erabakiarekin: “Orain bidegurutzean gaude, eta UEMAn sartzeko erabakiak datozen urteotako norabidean eragina izango du dudarik gabe. Arnasgune izaera horri eusteko ahalegina egin beharrean gaude, eta azken urteotako joerari buelta eman behar diogu”, nabarmendu du Arritxu Zelaia Eako alkateordeak, euskara zinegotziak eta udalak aurrerantzean UEMAn izango duen ordezkariak.
Busturialdeko herriak azaroko udal osoko bilkuran erabaki zuen UEMA-n sartzea, batzar nagusiak gaur berretsi du eskaera. Beraz, gaurtik aurrera UEMAko kide da Eako Udala.
Udalerri Euskaldunen Eguna noiz egingo den ere zehaztu dute gaurko batzar nagusian; maiatzaren 28an izango da Leitzan, hain zuzen ere.
Bestalde, urtea amaitzerako, UEMAN 80 udal inguru egotea aurreikusten dutela jakinarazi dute.