Atzo inauguratu zuten Gernika-Lumoko Euskal Herria Museoan
Hezurretan idatzia izeneko erakusketa. Conchi de la Ruak eta Montserrat Hervellak komisariatutako erakusketa horrek antropologia fisikoak euskal populazioaren historiaren eraikuntzari egin dion ekarpena azaleraztea du helburu. Bilduma osteologikoak, hainbat hezur eta burezurrak ere badiraa ikusgai erakusketa horretan. Horien bidez azaltzen dute gizakiaren eboluzioa.
Atzo egin zuten erakusketaren inaugurazioa
Hala ere, erakuketak azaleratu naahi du hezurretan beste hainbat gauza ere badaudela idatzita. Gizakiaren gaixotasunei, osasunari edo elikadurari buruzko informazioa ere ematen dute. Euskal Herria Museoan ikusgai dagoen laginean, esaterako, belauneko artikulazioan eta bizkar hezurrean endekapen osteartritikoa agertzen duen XV-XVI. mendeean bizi izan zen Irusta abadearen hezur aztarnak daude ikusgai, Ziortzako kolegiatatik ekarritakoak. Izan ere, erakusketak dioenez, eskeletoetan aztarnen ikasketaren bidez gizakiak nola ingurunera moldatzen ziren ezagutu dezakegu; euren dieta eta osasunari buruzko informazioa ematen dute.
Erakusketa bi zatitan egituratu dute. Lehenengoak, antzinako gizarteak ezagutzeko ikerkuntza metodo bezala erakusten digu antropologia; sexua, adina, elikadura, gaixotasunak edota ADNaren azterketatik eratorritako beste aspektu batzuk zehazten dituen zientzia gisa alegia. Bigarrenak berriz, Euskal Herrian egindako ikerkuntza antropologikoen balantze kritiko bat burutzen du, XIX.mendeko lehen analistetatik hasi, J.M Barandiaran, E. Eguren eta T. Aranzadiren lanetatik pasatu eta gaur egunerarte.
Euskal Herrian aurkitutako giza aztarnarik zaharrenak ikusgai daude erakusketan. Gaur egun adituek dituzten datuen arabera, Euskal Herria orain dela 300.000 urte populatu zen, Behe Paleolitoan. Informazio hau, koba batzuetan (Artazu, Arlanpe…) edota bizileku zituzten aire zabaleko aztarnategietan (Irikaitz, Mendieta…) aurkitutako zeharkako hondakinei esker ezagutzen dute antropologoek. Hala ere, kontserbatu diren giza hezurren ondarrak zerbait modernoagoak dira; hain zuzen, Arrasateko Lezetxiki kobazuloan aurkitu eta gutxienez 164.000 urteko antzinatasuna dutenak. Horiek ere ikusgai daude Euskal Herria Museoan.
Argibideak eta azalpenak ematen dituen ikusentzunezkoa ere bada erakusketan, eta museoak berak bisita gidatuak eskainiko ditu otsailaren 2tik aurrera. Informazio gehiago gura duenak Euskal Herria Museora dei dezake: 946 255 451.