‘Etxekoak’ antzezlanaren une bat
Huts Teatroaren eta ArteDramaren bigarren obra da
Etxekoak, Jon Gerediagak idatzitakoa, eta Gernika-Lumon taularatuko dute bihar, Ander Lipusen zuzendaritzapean. Lau dira pertsonaia nagusiak: Maddi, neska gazte euskalduna, Mamadourekin maiteminduta dagoena; Goio, Maddiren osaba tentela; Imanol, Goioren anaia eta Maddiren osaba, eta amama, Maddiren amama, Goio eta Imanolen ama. Ander Lipus, Maika Etxekopar, Kristiane Etxaluz, eta Javier Barandiaran dira pertsonaia horiei bizitasuna emango dieten aktoreak.
Kritika ezkutua
Maddiren istorioa kontatzen du antzezlanak. Afrikan egonaldia eginda, etxera itzultzen da, eta etxera heltzean Mamadougaz maitemindu dela kontatzen die amamari eta bere osaba biei. Gainera, Mamadou Afrikatik ekarri behar duela azaltzen die.
Istorio beraren aurrean bi ikuspegi kontrajarri erakusten ditu antzezlanak, Maddiren osaba bien jarrerekin kaleratzen direnak. Alde batetik, Imanolen ondo egin nahia eta legeak errespetatu beharra azalerazten dute, buruaren nagusitasuna. Bestetik, Goio osaba tentelaren jarrera, bihotzetik berba egiten duen pertsonaia.
Bi dira antzezlana deskribatzeko erabili dituzten esaldiak: «Ezin da edonor etxean sartu. Hala dio legeak», eta «Maddik Mamadou maite du. Halaxe dio bihotzak».Oinarrian maitasun istorio bat denak, beraz, kritika sozial bat ere kaleratzen du, eta burokraziak eta administrazioak jartzen dituen oztopoak bistaratzen ditu. Horrez gain, etorkinak zelan ikusten diren ere aditzera ematen nahi izan dute.
Lizeo Antzokian izango da saioa bihar, 20:30ean, eta sarrerak 10 euro balioko du (bazkideek 7,5 euro).