2015eko ekainean legez besteko proposamen bat onartu zuen Eusko Legebiltzarrak, Elizak bere izenean jarritako ondasunen zerrenda eskatzeko. EH Bilduren ekimenez, EAJk, EH Bilduk eta PSE-EEk onartu zuten testua. Elizak bere izenean jarritako ondasunen zerrendaz gain, Eusko Jaurlaritzari eskatu zioten txosten juridikoa egiteko, Elizak lortutako ondareari eta ondare horretarako emandako diru laguntzei buruz. Elizarenak izan gabe, Elizak 1978tik 2015era bere izenean jarritako ondasunen informazioa da legebiltzarreko taldeek jaso dutena.
Gurtza lekuak ere bere egin ditu Elizak
Berria egunkariak ere jaso du inmatrilulazioen albistea, paperean zein edizio jarraituan. Gainera,
herriz herriko zerrenda ere egin du. Horretan jaso ditu Busturialdeko herrietan Elizak egin dituen inmatrikulazioak ere. Datu horien arabera, Busturian eliza bat eta lursaila; Elantxoben etxe bat; Ereñon bi ermita, eliza, hilerria eta lursaila eta Morgan etxe bat eta ermita bat bere egin ditu Elizak Hipoteka Legeak emandako pribilegioei esker. Frankismo garaian onartu zuten lege horrek instituzio publikoen parera jarri zuen Eliza katolikoa. Iaz aldatu zuten Legea, eta aldaketa eman aurretik ere inmatrikulazioak egin zituen ELizak; Elantxoben etxe bat, kasurako.
Hala, informazio hori herritarren eta udalen eskura jarriko duela jakinarazi du EH Bilduk. Koalizioak dioenez, “orain, garrantzitsuena da informazio hau guztia herritarren eta interesa duten tokiko administrazioen esku uztea, udal, kontseju, mankomunitate eta abarrek kontsultatu dezaten, alegia. Izan ere, euretako askok ez dute ezer jakingo, eta oirain jakingo dute zein ondasun lapurtu zaizkion herriari euren zonaldean”.
Informazioa zabaldu ondoren, ekimen politikoari ekingo diola esan du EH Bilduk, mozioak aurkeztuz kaltetutako herri guztietan eta baita Legebiltzarrean ere. Dioenez, “azpikeria honen ondorioz komunitateak galdutako ondasunak berreskuratzea ” da helburua. Hartara, Lopez de Munainek ezinbestekotzat jo du erakunde publikoek, bereziki Jaurlaritzak, prozesu honetan euren ardura hartzea. “Lapurreta hau ezin daiteke horrela geratu. Eliza katolikoak baditu jada pribilejio nahikoa, azken minuturaino herriari, kolektibotasunari eta publikoari lapurretan ibiltzeko”.
Eliza eta administrazio publikoen arteko konplizitate gehiagorik ez du onartuko EH Bilduk. “Administrazioaren ardura da publikoa dena defendatzea. Horregatik, Lakuari eskatuko diogu herriekin elkarlanean aritzea ondasun horiek guztiak berreskuratzeko”, gaineratu du.