Jon Loizaga Murueta sokatira taldeko kidea
Murueta sokatira taldeko kide da
Jon Loizaga (Murueta, 1985) eta gainontzeko kideekin batera, Goma Gaineko Euskadiko Txapelketa jokatuko du asteburuan, 640 kilotan.
Nolako finala aurreikusten duzu?
Talde pisutsua eramango dugu, eta itxaropen handiekin joango gara. Txapela lortzeko aukerekin ikusten dugu gure burua. Irabaztera joango gara, eta hala ez bada, behintzat, dominak lortzeko itxaropena badugu.
Nortzuk izango dira aurkari gogorrenak?
Abadiñok jende handia dauka taldean, eta 680 kilotan ere, bera izan zen arerio gogorrena. Goma Gaineko Munduko Sokatira Txapelketaren urtea da aurtengoa, eta laster ondo prestatzen hasi beharko dira. Ñapurrak taldea ere bigarren jardunaldian oso gogor agertu zen. Eta Sokarri ere seguru talde gogorra izango dela. Baina ezin dezakegu jakin nola joango den; izan ere, sailkapeneko jardunaldietara, normalean, ez dira talde onenak eramaten, finalerako gordetzen baitira tiralari handienak. Eta guk ere, hala egingo dugu.
Zuek ere munduko txapelketara joango al zarete?
Bai, gu ere bertan egongo gara. Holandako Volendam herrian jokatuko da otsailaren 18an, 19an, 20an eta 21ean.
Aurreko saio bietan nola moldatu zineten?
Lehenengo jardunaldian, talde onagaz joan ginen lehiatzera, baina ez onenagaz, eta, hala ere, lehenengo egitea lortu genuen. Hala, 640 kilotan ere, aukera asko genituela ikusi genuen hor. Bigarren jardunaldian, hain lehiakorra ez den taldea atera genuen. Laugarren postua eskuratu genuen orduan, beraz, nahikoa ondo moldatu ginen.
Zer behar du sokatiralari on batek?
Indarra ezinbestekoa da, baina, horregaz batera, erresistentzia, fisiko ona eta teknika eduki behar da. Oreka batera ailegatzea da gakoa. Pisu txikietan aritzeko, argaltzekotan, nola argaltzen garenagaz kontu handia izan behar da; argaldu bai, baina indarra ere galtzen badu tiralariak taldeak ez du erantzungo.
Finala jokatuta, zein proba lehiatuko dituzue ondoren?
600 kiloko bigarren jardunaldia lehiatuko dugu datorren astean, eta gero, 560 kilotan ariko gara. Egun bakarrean egingo da gutxieneko pisu horretako txapelketa. Hori eginda, munduko txapelketa izango da hurrengo astean.
Tiraldietan, zertan pentsatuko duzue?
Sufrimenduan pentsatzen egotea baino, hobe izaten da ezertan ez pentsatzea. Soka hartu, eta lasai hartu behar izaten da, azkenerantz, motibazioa bilatuta.