Arraun denboraldia hastera doa asteburuan, batelen ligagaz hasiko baitira Bizkaiko arraunlariak. Lehenengo hitzordua Sestaon dute zapatuan, 16:00etan, eta tartean Ondarroako, Lekeitioko, Mundakako, Elantxobeko eta Bermeoko arraun taldeek parte hartuko dute. Busturialdeko arraun taldeetako ordezkariak «pozik» agertu dira, hiru taldeetan neskenak eratu baitituzte, nahiz eta Bermeoko eta Elantxobeko neskek baino ez duten batel ligan parte hartuko. Mundakarrak oraindik prestatzen dabiltza.
Mundaka arraun elkarteko neskak
19 eta 40 urte bitarteko bederatzi neska ari dira lanean Mundakako Arraun Taldean. Orain dela bi hilabete hasi ziren lanean, «eta oraindik ez daude prest lehiarako». Helburua, baina, bai bada uretara ateratzea. Hala ere, Mundakatik kadete mailako batel bat eta senior mailako bi edo hiru batelek parte hartuko dute bihar hasiko den ligan.
Zuzendaritza berria du Mundakako Arraun Taldeak, eta harrobia indartzeko gogoz ari direla diote. «Udara begira harrobia indartzen saiatuko gara. Herrira gehiago zabaldu gura dugu kluba, eta, lehiatzeko ez ezik, arraunak ondo pasatzeko ere balio duela erakutsi gura dugu», dio Andoni Erauskin presidenteak.
Zazpi neska Elantxoben
Elantxobe arraun elkarteko mutilak
Elantxobe Arraun Elkartera ere hurbildu dira neskak. Urteetan nesken taldea eratu ezinean egon bada ere, aurten nesketan ordezkaritza izango du berriro: senior mailan ariko dira arraunean batel ligan.
22 eta 30 urte bitarteko zazpi neska daude taldean, oraingoz. Arrauna «probatzen» ari dira, eta «gustura» doaz entrenamenduetara, «nahiz eta askorik ez duten entrenatzen, lana dela-eta», dio Patxi Egurrola presidenteak.
Mutilek, berriz, maila bakoitzeko batel bana izango dute uretan bihartik aurrera. Elkarteko harrobia «nahiko ondo» dagoela dio Egurrolak: «Maila guztietan daukagu jendea; beraz, pozik gaude. Elantxobetarrak eta inguruko herrietako arraunlariak ere badaude taldean». Txikienen taldeak urtero «mantendu» egiten direla dio Egurrolak, arazoa «nagusietan» egoten dela, gorabehera gehiago egoten baitira: «Aurten trainerura begira ere estu gabiltza».
Harrobia sendotzen
Bermeoko Arraun Elkartera ere badoaz neskak hurbiltzen. Hamalau neska ditu aurton, eta horien hiru batel ariko dira lehian: «Iaz, 14, 15 eta 16 urteko nesken talde bat hasi zen lanean, eta aurten jarraitu egiten dute. Iazko emaitzak kontuan izan gabe, hemen jarraitzen dute, eta aurten, gainera, neska gehiago batu zaizkie».
Olartek adierazi duenez, «harrobiari garrantzia ematen ari» dira berriro. «80ko hamarkadan elkarteak harrobia zeukan, eta ez zegoen elite mailako traineru bat. Gero alderantziz gertatu da: eliteko traineru bat bai, baina harrobia zaindu ez. Urte pare bat daramatzagu harrobiarekin lanean, eta bagoaz gutxika-gutxika aurrera». Hala, aurtengo ligan zortzi batel uretaratuko dira: haurren mailako bi batel; kadeteetako eta gazteetako bana; promozio mailako beste bat; eta hiru neskenak.
Bermeo arraun elkarteko kideak
Bestalde, mutiletan talde egonkor bat badago. 11-12 urterekin hasi ziren; orain 16-17 urte dituzte, eta jarraitu egiten dute. «Arraunlariak dira», dio Toni Montenegro koordinatzaileak: «Gauez ez ateratzeko esan, eta ez dira ateratzen; goiz eta arratsalde entrenatu behar dutela esan, eta hala egiten dute. Horiei odolean sartu zaie arrauna. Horietako bost, gutxienez, etorkizunean TKE ligan egongo dira».
Bestalde, klubeko azpiegituren egoera «penagarria» aipatu dute: «Txandaka ibili beharra daukagu». Hori horrela, Bermeoko Udalari, Bizkaiko Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari deia egiten diete: «Harrobi ona daukagu orain, neska-mutil asko gaude. Urdaibaik TKEn duen lekua kontuan izanik, taldearentzako azpiegitura berriak atontzeko unea dela uste dugu».
Gazteek emaitza onak lortzen dituzte, «baliabiderik barik». Montenegroren arabera, «gogorra da esatea, baina klubera sartu eta ez dago ezer gazteen arreta bereganatzeko. Alderantziz, atzera egiteko gogoa ematen du; ez du kirola egiteko gogorik ematen».
Gurasoen lana
Bermeoko Arraun Elkarteko arraunlari gazteen gurasoak «gogor» lan egiten ari dira dirua batzeko, harrobiak aurrera egin ahal izan dezan. Babesleak aurkitu dituzte, eta materiala eta egutegiak saltzen ibili dira. Azken bi urteetan, besteren artean, batelak eta motordun txalupa bat erosi dituzte gurasoek lortutako diruagaz.
Olarteren arabera, «Bermeon ez dago arraun kulturarik; Urdaibai kultura baino ez dago. Herritarrek udan baino ez dute arrauna atsegin, eta neguan ahaztu egiten dute. Gazteek egiten dutenaz inork ez daki ezer, eta gazte hauek dira urte batzuk barru Urdaibain egon daitezkeenak. Herritarrek hemen lanean gaudela jakin dezaten gura dugu».
Beste alde batetik, traineru denboraldiari begira jarrita, berritasun modura, Mundakako eta Bermeoko seniorrak batera ariko dira arraunean aurtengo KAE ligan.