Herriko ikastetxeetan hitzaldiak ematen hasi da hezur-muina emateko sentsibilizazio kanpaina martxan duen herritar taldea. Egoera desberdinetako bideoak jartzen dizkiete ikasleei.
Berbak informazio panfletoak baino lagungarriagoak izan daitezkeela iritzita, hezur-muina emateko sentsibilizazio kanpaina martxan duen herritar taldea zenbait hitzaldi ematen hasi da. Mari Jose Martinezek azaldutakoaren arabera, «ondo dago kalean egotea eta lekuetan presentzia edukitzea, baina hitzaldien bitartez zuzenago iris daiteke mezua». Gainera, gazteengana iritsi gura dute, horiek sentsibilizatu asmoz; horregatik, herriko ikastetxeetara jo dute.
Mari Jose Martinez ikasleei azalpenak ematen, martitzenean
Sagrado Corazon ikastetxean egon ziren joan den martitzenean. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH) 4. mailako ikasleekin batu ziren, hain zuzen ere. Datorren martitzenean dute hurrengo hitzordua; orduan, beste talde bategaz ariko dira hezur-muina emateari buruz.
Ezjakintasuna
16-17 urteko gazteekin batzen ari dira, horiek oraindik ezin dute hezur-muin emaileak izan; sentsibilizatzea, baina, «garrantzitsua» dela uste du Martinezek, 18 urtetik aurrera emaile izan daitezkeleelako.
Hezur-muina ematea zer den bazekitela esan zuten askok; azalpenak entzun ostean, hala ere, ea inork ez zekien zer zen benetan hezur-muina ematea, «eta mezu hori da helarazi gura dieguna», dio Martinezek. Izan ere, hezur-muina ematea «erraza» dela gogorarazi gura izan du berriro, «jendeak alderantzizkoa uste duelako, bai eta gazteak ere, lehenengo hitzaldi honetan konturatu garenez. Ebakuntza bat egitea beharrezkoa zela uste zuten gehienek».
Gazteek galdera asko egin zituztela azaldu du Martinezek. «Pozik» geratu ziren hitzaldiarekin eta «gogotsu» daudela dio. Oraindik ezin dute emaile izan; hala ere, Gurutzetako ospitalean dauden umeei eskutitzak idaztea proposatuta, baiezkoa eman zuten, «prest agertu dira guztiak». Are gehiago, asteburu batean horiek bisitatzera joateko gogoa ere agertu dute.
Ordu bat inguruko hitzaldia eskaintzen dute. Lehenik eta behin, hiru bideo jartzen dituzte. Batek, hezur-muin emaile izatea zer den azaltzen du. Beste batek, gaixotasuna gainditu duen ume baten istorioa kontatzen du. Eta, hirugarrenean, leuzemiaz hil den ume baten guraso batek hitz egiten du. Hiru bideo horien bitartez, ikasleek egoera desberdinak ezagutzen dituzte: «hezur-muin emaile izatearen garrantzia nabarmentzen da, bizitzak salba daitezkeelako», esan du Martinezek.