Bermeoko Udalak Alde Zaharreko oinezkoentzako gunera sartzeko arautegi berria jarriko du martxan otsailaren 1ean. Hala, arautegi berri horrekin, aurrerantzean, ibilgailuek ez ezik, motoek ere baimena eduki beharko dute oinezkoentzako gunera sartzeko.
Orain dela hilabete batzuk kendu zuten Alde Zaharrerako sarbidea kontrolatzen zuen pibote bidezko sistema, eta kamarak jarri zituzten sarrera-irteerak kontrolatzeko.
Intxausti kaleko sarrera
Otsailaren 1etik aurrera, Alde Zaharreko oinezkoentzako gunera sartzeko, hortaz, ez da txartelik beharko. Azaldu dutenez, jarritako kamerek egiten dute ibilgailuetako matrikulen irakurketa. Hala ere, txartela duten herritar horiek, inolako izapiderik egin barik, urte osoan izango dute gunera sartzeko baimena.
Baimena ez duten ibilgailuek, Berh@z bulegoan aurkeztu beharko dute eskaera, kasuz kasu eskatzen den dokumentazioarekin batera. Eskaera hori, oraindik aurrera motoen erabiltzaileek ere egin beharko dute, gainontzeko ibilgailuen neurri murriztaile berdinak edukiko baitituzte. Behin baimena lortuta, bi urteko biziraupena izango duela jakinarazi dute.
Orain arte modura, zenbait baldintza beteta, honakoek lor dezakete oinezkoentzako gunera sartzeko baimena: Alde Zaharreko bizilagunek, ibilgailu bat edukita garajea gunean daukatenek, Alde Zaharreko merkatariek eta gremiotakoek. Etxebizitza bakoitzeko eta garaje leku bakoitzeko baimen bakarra emango dute.
Salbuespeneko kasuak ere egon daitezke. Hala, egoera zehatz baterako baimena behar dutenek, sarrera egin baino lehen eman beharko dute horren barri Berh@z bulegoan, eta gehienez, 24 ordutan baimena edukiko dute. Bestalde, aurreikusi ezin den beharrizan baten aurrean, 48 ordu egongo dira sarrera horren berri emateko.
Alde Zaharrean ezin dala aparkatu eta zamalanak egiteko 30 minutu daudela gogorarazi gura die herritarrei. Denbora hori, gainera, guztiz kontrolatuta egongo dela azaldu dute.