Atzo iluntzean ailegatu ziren Txomin Arana eta harekin Argentina eta Boliviara joandakoak Euskal Herrira. Dakar lasterketan lan bikaina egin ostean, harrera beroa jaso zuen Loiuko aireportuan ereñarrak. Zortzigarren etapara sailkapen orokorreko 11. postuan iritsi zen bertoko moto gidaria, eta azken etapa horretan ere, postu onean –hamalaugarrenean– zioan, azken itxaron gunetik helmugarako bidean erori, eta motoa erabat hautsi zen arte.
Txomin Aranari eta haren taldeari harrera beroa, Loiuko aireportuan, Dakarretik bueltan. Argazkilaria: Gernika Off Road.
Ongi etorriko ekitaldia eta jaia, baina, bere herrian egingo diote; alegia, Ereñon. Hilaren 23an izango da hori, zapatuan. 12:00etan, udaletxeko balkoira aterako da Dakarreko parte hartzailea herritarren aurrean berbalditxoa egiteko. Bertatik, Arita-Berri jatetxera joango dira bazkaria jatera. Hilaren 17a orduko erosi behar ziren txartelak bazkarirako; hala ere, oraindik baten batzuk salgai daudela –Gernika-Lumoko Ipar tabernie-n, Ereñoko Atxosten eta Munitibarko Ondamendin– jakitera eman du Gernika Off Road taldeak. Umeek 20 euro ordaindu beharko dute bazkariagatik, eta nagusiek, berriz, 40 euro.