Sanantontxuetako feria nagusia ospatu zuten atzo Mungian, ganaduaren, makinariaren, erreminten, fruta-arbolen, artisau lanen, landareen… erakusketa eta salmentagaz. Horrez gain, aurten hogeigarrenez, odoloste eta txorizoen Euskadiko sariketa egin zuten. Urtero-urtero, Busturialdeko harategiek izaten dute garaikurrik eta aurten ere hala izan da. Sari nagusiak Bermeoko Landabaso harategiak eskuratu ditu; barazkiz nahiz arrozez egindako buzkentzen kategoriak, biak, irabazi baititu Bermeokoak. Gernika-Lumoko Iturbe Anaiak harategia ere sariagaz bueltatu da Mungiatik. Barazkiz egindako buzkentzen bigarren saria lortu baitu.
Antolatzaileek azaldu dutenaren arabera, 32 parte hartzaile izan dira aurtengo Euskadiko buzkentz txapelketan.
Gil anaiak txapelekin
65 urteko esperientzia du Landabaso harategiak, hala ere, orain dela bederatzi urte inguru hasi ziren txapelketetara aurkezten.
Gil anaiak “oso pozik” zeuden gaur harategian, atzo lortutako bi sariengatik. Bermeotik kanpora sariak irabaztea “garrantzitsua” dela diote: “Euskadiko txapelketa irabaztea, eta bi kategorietan, gehiago oraindik”. Sariek, gainera, salmentetan lagundu egiten dutela diote Landabaso harategikoek. Buzkentzen sekretua “horiek mimatzea” dela azaldu dute. Eskualdean, barazkiz egindako buzkentzak dira Gil anaien arabera, arrakastatsuenak. Hala ere, horiek, arrozez ere egiten dituzte, bakarrak dira Bermeon, gainera. Hiru txapel dituzte arrozez egindako buzkentzengatik, eta bi ordea, barazkiz egindakoengatik.
Iturbe Anaiak harategiko ordezkaria
Iturbe Anaiak harategikoek ere “pozik” daude. Gernikarrek ere ez dute sekreturik buzkentzak egiterako orduan, “produktu freskoak erabiltzea bakarrik”. Iturbe Anaientzako ere ez da lehenengo saria, beste zenbait txapelketetan ere sarituak izan baitira eruek egindako buzkentzak, eta sariek salmentetan “beti” laguntzen dutela diote, bai eta lanean jarraitzeko indarrak eman ere.