Bilboko Itsas Museoak hiru erakusketa biltzen dituen #Burdinkolorea zikloa antolatu du. Hain zuzen ere, Bilboko Itsasadarraren historiaren hiru begirada bilduko dituzte, hiru margolariraren bitartez. Itsasadarrak inguruko paisaje, biztanle eta industrian eduki duen indar eraldatzailea da, hain zuzen ere, erakutsi gura dutena.
Joan den eguenean aurkeztu zuten #Burdinkolorea. Ezkerrean, Enrike Zubia
Hala, txandaka, Antonio Aldama, Jose Abel eta Enrike Zubia bermeotarraren lanek hartuko dute museoa uztailaren 17ra arte. Ikuspegi eta adin desberdinetako hiru sortzaile aukeratu dituzte #Burdinkolorea ziklorako.
Bisitariek iraganeko eta egungo Bilboko Itsadarreko eta euskal kostaldeko paisaia eta eszenak aurkituko dituzte erakusketetan. Jon Ruigomez Itsas Museoko zuzendariaren esanetan, bisitarien zentzumenetan eragin gura duen esperientzia sentsoriala eskaini gura du museoak; modu horretan, lan “pertsonalak eta intimoak” izango direla azaldu du.
Antonio Aldamaren erakusketa da orain ikusgai dagoena. Martxoaren 13ra arte,
Metalezko argiak izena jarri dion erakusketa bisita daiteke.
Ondoren, martxoaren 16tik maiatzaren 15era, Jose Abelen txanda izango da,
Sua Itsasadarrean erakusketagaz. Enrike Zubia bermeotarra izango da zikloari amaiera emango diona; bere lanak maiatzaren 19tik uztailaren 17ra izango dira ikusgai
Ur eta lur izeneko erakusketan. Portuko bizitza, pertsonak eta itsasoko figurak dira margolari bermeotarraren inspirazio iturri. Hori da, bere hitzetan, “hurbiletik ezagutu duen mundua”. Bere artelanetan ura eta lurraren arteko erlazioaren bere ikuspegi propioa erakutsiko du.
Enrike Zubia, Bermeon jarritako erakusketan
Gabon sasoian Bermeoko Nestor Basterretxea aretoan jarritako erakusketan erakutsi zituen bere azken lanak. Maiatzean Bilboko Itsas Museoan jarriko duen erakusketarako lanean zegoela esan zion orduan HITZAri. Erakusketa horren bitartez, bere lana jende gehiagorengana iristeko “aukera ona” izango dela uste du, horregatik “gogotsu” dago. Margolanak ikusgai jartzeaz gain, zenbait maketa ere jarriko dituela esan zuen; izan ere, Zubia eskultorea ere bada.