SEADren (Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa) alde lan egiten duen 27 de febrero Euskal Koordinadorarekin elkarlanean, Tindoufeko errefuxiatuentzako janari bilketan parte hartu du Mendatak aurten ere. Hala, saharar herriarekiko elkartasuna erakutsi gura izan du Busturialdeko herri horrek. Guztira, 200 kilo jateko eta 40 kilo arropa bildu dituzte, Saharara bidaltzeko.
Jatekoa eta arropa batu ditu Sahararen aldeko Karabanak
Herritarren ekarpenei esker batu dute janaria eta arropa. Besteak beste, ia 40 kilo pasta, 57 kilo arroza, 33 kilo lenteja, 29 kilo indaba eta 26 kilo atun lata batu dute Mendatan. Azaroan hasi, eta hilabete eta erdi iraun du Sahararen aldeko kanpainak. Jatekoa izan da, batez ere, karabanak eskatu duena. Hala ere, ume, gazte zein nagusientzako arropak ere eman dituzte mendatarrek.
Herriko alkate Joseba Malleak azaldu duenez, Mendatak, beste behin ere, agerian utzi du herri solidarioa, eskuzabala eta egoera ezegonkorrean dauden pertsona eta herrien aldekoa dela. “Mendatarroi euren kolaborazioa bihotz-bihotzez eskertu gura diet”, esan du.
Sahararen aldeko karabana datorren hilean aterako da Bilbotik.