Maila ona erakutsi zuen Iskander Rodriguez Arratzuko musherrak Frantziako Alpeetan lehiatutako
La Grande Odyssee izeneko lasterketaren baitako France Bleu trofeoan. Hiru egunetan lehiatu zen beste hainbat parte hartzailegaz batera, eta egun horietan guztietan, bigarren postua bereganatu zuen. Barikuan, berriz, Santevet trophy lasterketa abiarazi zuten, eta bertan parte hartzeko asmoa erakutsi zuen Busturialdekoak. Astelehenera bitartean, lau egunetako lasterketa zuen aurretik, eta gogotsu zegoen. Hala ere, barikuan hasi eta amaitu zen Santevet trophy lasterketa Rodriguezentzat.
Iskander Rodriguezen txakur bat artatzen.
Birus bat hartu zuten Rodriguezekin batera eta leran parte hartzen zuten txakurrek, eta lasterketan parte gehiagorik ez hartzea erabaki zuen bertoko musherrak. Zapatuan, sei txakur oraindik ere ondo zituen, baina “etapa gogorrak” zituen aurretik, eta “txakurren onerako” ez irtetzeko erabakia hartu zuen. Egun horretan, gainera, 60 kilometroko bidea egin ostean, kanpin batean egin behar zuten lo parte hartzaileek, 2.000 metroko garaieran, eta kanpoan, aldiz, horien txakurrek. Domekan, berriz, bertatik hasi behar zuten 40 kilometrotako bidea.
Gaur bukatuko dute Santevet trophy lasterketa Frantziako Alpeetan. Rodriguezek gaur azken etapa egiteko aukera bazuen ere, ez egitea erabaki du, “alperrikakoa” izango zelakoan.
“Oso goibel”
Gauzak horrela, musherra “oso goibel” agertu da. Gainera, gaitza elkarri kutsatzen ari dira txakurrak, eta, joandako hamar txakurrak gaixo dira orain. Hala ere, ezer larririk ez dutela azaldu du Rodriguezek.
Lortutakoak lortutako, laguntzaile denei –Euskal Mushing, Serigrafia Sestao, Xaibor, Arratzuko Udala, Picart, Foresa Francesa, Canadog eta Athletic Piratak– eta familiakoei eskerrak eman dizkie Iskander Rodriguezek.