Zorua zulatuta daukate guneetako batean
Joan den astean hasi zituzten lanak, eta Garraio Azpiegituretako zuzendari Almudena Ruiz de Angulok jakinarazi duenaren arabera, lau hilabeteko epean amaitzea aurreikusten dute.
2015eko abuztuan Portuzarreko zoladuran zulo batzuk agertu ostean, ikuskaritza bat egin zuen Jaurlaritzak. Kaiaren armazoia eratzen duten lauzak pitzatuta zeudela ondorioztatu zuten ikuskaritza horretatik, «hedadura handi batean, gainera», dio Ruiz de Angulok. Ordutik, Bermeoko Udalarekin koordinatuta, lauzak konpondu bitartean trafiko astuna ingurutik ibiltzea galarazteko, prebentziozko zenbait neurri abiarazi zituztela diote Jaurlaritzatik.
Ruiz de Anguloren esanetan, «Portuzarra da Bermeoko kirol portura errepidez sartzeko bide bakarra; Frantxuako lonjetara eta inguruko etxebizitza nahiz saltokietara ibilgailuz joateko aukera ematen du, bai eta izotza fabrikatik lonjara eroateko ere». Gauzak horrela, kaia konpontzeko irtenbide onena eta azkarrena bilatu asmoz, egituren konponketan espezializatutako hiru ingeniaritzarekin harremanetan jarri ziren eskaintzak egiteko. Beharrezko konpontze lanak egiteko irtenbide onenaren idazketa abenduan amaitu zutela diote Jaurlaritzatik. Ondoren, urtarrilean esleitu dituzte lanok. Jakinarazi dutenez, 829.478,78 euro balioko du Portuzarreko zoladura konpontzeak.
«Bizkor gabiltza lanean, zehaztutako epeak betetzeko eta eguraldi onak etortzen direneko dena konponduta edukitzeko», esan du Ruiz de Angulok. Hala ere, Busturialdeko Ur Partzuergoarekin (BUP) harremanetan ari direla azaldu du, «abagune hau erabili gura baitute inguru horretako hornikuntza-instalazioa hobetzeko». «Egokia» da Jaurlaritzaren ustez, admnistrazioen arteko koordinazioa, «gastua aurrezteko eta herritarrei eragin bikoitzak saihesteko».
Batik bat, gainazalean egingo dituzte lanak, eta, batez ere, Nardiz tar Benantzio kaleko bizilagunei eta inguruko ostalari eta merkatariei eragingo dietela azaldu dute jaurlaritzatik. Diotenez, Eusko Jarlaritzaren portuetako arduraduna dagoeneko horiekin guztiekin bildu da, «egoeraren eta enpresa eslependunak emandako proposamenen berri emateko».
Ibilgailuek fatxadetatik hurbilen dagoen gunetik joan beharra daukate. Beraz, herritarren segurtasuna bermatzeko, inguruko tabernei terrazak kentzeko eskatu diete.