Auzipetuak epaitegiaren kanpoan/Jon Olano-Berria
04/08 sumarioan auzipetutako 35 lagunek espetxetik libratu dien akordioa sinatu zuten atzo, fiskalak proposatuta. Donostian agerraldia egin dute gaur,
Berriak jaso duenez, eta, Marije Fullaondok aipatu duenez, akordio horrek erakutsi du borondatea dagoenean badagoela gatazkaren korapiloak askatzeko modua, bai biktimei zein presoei dagokienez.
35 akusatuek fiskaltzarekin eta akusazio partikularrarekin – AVT eta Dignidad y Justicia– egindako tratuaren balioa nabarmendu zuen atzo Pernando Barrenak, eta gaurko prentsaurrekoan balio horri aipamen egin diote berriro. Auzipetuen ustez, eragile denen jarduteko “molde berri batri” ateak ireki diezaioke, salbuespenezko legedi eta politiken aroarekin amaitzeko.
Fiskaltzak, herri akusazioek eta defentsak bi urtetik beherako zigorrak adostu dituzte 35 auzipetuentzat. Akusazioak onartu dituzte akusatuek, eta baita biktimen oinazea ere; auzitegiak, berriz, onetsi du zenbait terrorismo delitu larritasunaren arabera zigortzea. Pernando Barrena auzipetuaren arabera, fiskaltzak egin zien akordiorako eskaintza, eta hori aztertu eta baietza eman zioten auzipetuek eta akusazio partikularrek.
Akusazioak onartzean kontraesanik ez dagoela esan du Barrenak. Gogoratu du akusazioen idatzietan jasotzen diren egitate guztiek lotura dutela eskubide zibil eta politikoekin —prentsaurrekoak, bilerak, orduan legezkoak ziren alderdietako (EHAK eta ANV)…—, eta hori dela, hain justu, fiskaltzarekin eginiko akordioan onartzen dituzten akusazioak. Barrenaren, arabera, beraz, egindako lan politikoa ez zela legezkoa izan aitortu dute, baina, legezkoa izan ez arren, lan politiko hori zilegia zela aldarrikatu dute. “Beste kontu bat da akordioari buruz fiskaltzak eta akusazioek egiten duten interepretazioa”, gaineratu du.