
Iaz bildutako jakiak karabanarako prestatzen
Beste urte batez, Besalde, Bermeoko Sahararen aldeko elkarteak XII. Sahararen aldeko Euskal Karabana abiarazi du. Azken urteetan egin modura, Bermeotik harago zabaldu dute
Piztu Itxaropena izena duen kanpaina, Busturialdeko hainbat herritara zabalduz.
Besalde elkartetik azaldu dutenez, «
Piztu Itxaropena izeneko kanpainaren helburu nagusia herri sahararrera ahalik eta elikagai kopuru handiena eroatea da, errefuxiatuen kanpamentuetan duten elikagai falta asebetetzekotan».
Jakinarazi dutenez, urtarrilaren 23ra bitartean batuko dituzte elikagaiak. Hain zuzen ere, atuna oliotan, sardinak oliotan, egoskariak, pasta, azukrea eta konpresak batuko dituzte Busturialdeko denda, supermerkatu eta ikastetxeetan. Bermeo, Mundaka, Busturia, Gernika-Lumo, Muxika eta Gautegiz Arteagan egingo dute janari bilketa.
Horrez gain, urtero egin modura, Bermeoko San Frantzisko elizako lokaletan ere jasoko dituzte produktuok, astelehenetik barikura, 18:00etatik 20:00etara.
Sahararen aldeko euskal karabana otsailean abiatuko da Euskal Herritik. Bildutako guztia Aljeriako kanpamenduetara eroango dute.
Dokumentala barikuan
Bestalde, Besalde elkarteak antolatuta, Maria Guibert eta Ana Huertasek egindako
El compas de una lucha dokumentala ikusteko aukera egongo da barikuan, 20:00etan, Kabidxen.