
Txomin Arana, Dakarretik bueltan, iaz, Loiuko aireportuan
Gernika Off Road taldeko moto gidaria Dakar lasterketan lehiatzen aritu da egunotan, zortzigarren etapan erori zen arte. Lasterketako lehen zatia ondo baino hobeto burutu zuen, eta bigarrenera sailkapen orokorreko 11. postuan ailegatu zen. Zortzigarren etapa lehiatzen zebilen astelehenean, erorketa izan zuenean. Azken itxaron puntutik igarotzen hamalaugarren pilotua izan zen, baina helmugara ailegatzerik ez zuen izan, bidean harri bat zapaldu, eta min hartu baitzuen. Bere ingurukoek jakitera eman dutenez, “ondo da Txomin, orpoan du mina, baina ez dirudi ezer duenik”. Halaber, pilotuak ez ezik, motorrak ere golpe handia hartu zuen, eta erabat haustu zen. Gauzak horrela, agur esan zion momentu haretan Dakar lasterketari ereñarrak.
Iaz, hamaseigarren postuan bukatu zuen lasterketa, eta aurton, emaitza hori hobetzea zen Ereñoko gidariaren helburua. Bide onetik zioan, istripua izan zuen arte. Dakarra berarentzat, beraz, bukatu da, eta pena handiz hartu du bertokoak. Hala ere, egindako lana “positiotzat” jo du. Era berean, eskerrak eman dizkie laguntza eskaini dioten guztiei.
Astelehenean, Loiuko aireportura
Astelehenean, hilaren 18an, iritsiko dira Arana eta berarekin joandakoak Loiuko aireportura, 19:50ak aldera. Bertan egingo diote lehenengo ongi etorria motozale eta bere ingurukoek. Ekitaldia eta jaia, baina, hilaren 23an egingo dute, pilotuaren herrian, Ereñon. 12:00etan, udaletxeko balkoira aterako da Dakarreko parte hartzailea herritarren aurrean berbalditxoa egiteko. Bertatik, Arita-Berri jatetxera joango dira bazkaria jatera. Edonor joan ahalko da bertara, baina, horretarako, hilaren 17a orduko erosi beharko du txartela honako tokietako batean: Gernika Off Road taldeari, Gernika-Lumoko Ipar tabernan edota Ereñoko Arita-Berri jatetxean zein Atxoste tabernan. Umeek 20 euro ordaindu beharko dute bazkariagatik, eta nagusiek, berriz, 40 euro.