
Ortu ekologikoak Gernika-Lumon
Gernika-Lumoko Ibarrean egokitu dituzten ortu ekologikoen erabilera herritarren esku utziko du udalak. Hala, orturen bat ustiatzeko interesa dutenek eskabidea egin beharko dute, eta horretarako epea zabalik dela jakinarazi du Gernika-Lumoko Udaleko Ingurumen sailak.
Hala, aipatu ortuen erabilera eskatzeko epea urtarrilaren 31n amaituko dela jakinarazi dute. Interesatuek eskabidea aurkeztu beharko dute udaleko erregistro orokorean.
Dagoeneko zenbait pertsonek eskabidea egina dutela jakinarazi dute udal arduradunek. Hala, dioetenez, dagoeneko eskabide orria aurkeztuta dutenek, eta aldaketarik egin nahi ez badute, ez dute berriro tramitea egin beharrik. Izan ere, ortu ekologikoak banatzeko asmoz, urrian ere eskabideak egiteko epea zabaldu zuen udalak.
Beraz, hiri ortuak erabiltzeko interesa duten gernikarrek bidezko agiria bete beharko dute lur zatiaren lagapena lortzeko. Erregistroan aurkeztu beharko dute eskabidea, NAN agiriaren fotokopiarekin batera.
Eskabide orriak eta agiri osagarriak udalaren webgunean eskuratu daitezkeela jakinarazi dute: www.gernika-lumo.net. Webgune horretan, Piperra eta gatza atalera jo behar dela zehaztu dute.
Norbere kontsumorako
Guztira 140 hiri ortu egokitu ditu Gernika-Lumoko udalak herritarrentzako. Gernikarrek lagatutako lur zatiak dira egokitu dituztenak, eta, bakoitzak, 60 eta 75 metro koadro artean dituela zehaztu dute. Ortuak nekazaritza ekologikorako erabili beharko direla argitu dute Ingurumen arloko arduradunek.
Era berean, jakinarazi dute ortuetan hazitako produktuak norbere kontsumorako izan beharko dutela, eta ezingo direla inolaz ere salmenetarako erabili.
Ortu horiek udal sistema baten bidez kudeatzea eta nekazaritza ekologikoa eta iraunkorra bultzatzea du xede egitasmoak.