
Auzipetuak epaitegiaren kanpoan/Jon Olano-Berria
Fiskaltzak eskatutako lekukoen deklarazioekin jarraitu behar zuen gaur Auzitegi Nazionalean ezker abertzaleko 35 kideren aurkako epaiketak. Hala ere, akordio batera heldu dira fiskaltza, akusazioa eta defentsa, eta auzipetuek ez dute kartzela zigorrik beteko. Dena den, behin-behineko kartzelaldia beteta dute aurretiaz.
Berria egunkaria auzi saioaren jarraipena egiten ari da, zuzenean.
Ezker abertzaleko kide eta auzian inputatua den Pernando Barrenaren hitzetan, gaur Madrilgo Auzitegi Nazionalean lortutako akordioak helburu bat badu; inputatuak izan direnetako inor kartzelara ez bueltatzea, alegia. “Gure nahia da akordioak balioa izatea etorkizunean salbuespenezko legeen aplikazioarekin bukatzeko”, gaineratu du Barrenak.
Era berean, esan du urteetan garatu dutena ekimen politikoa izan dela, beraien oinarrizko eskubideen ariketan oinarrituta. Ariketa horrek, gainera, euskal estatu bat osatzea helburu zuela gaineratu du ezker abertzaleko kideak. “Horrekin batera, gure ekimen politikoa beti egon da zuzenduta gatazkaren konponbidea bilatzera, biolentzia Euskal Herriko agertoki politikotik desagerrarazteko”, esan du.
Abenduaren 3an hasi zen makroepaiketa Madrilen, eta, Gabonetako etenaldiaren ostean, astelehenean berrekin behar zioten auziari. Hala ere, arazo teknikoak tarteko, bertan behera utzi behar izan zuten saio hura. Fiskalak eskatuta, zortzi poliziak deklaratu zuten, horietako hiruk Iruñeko eta Indautxuko (Bizkaia) polizia etxetik egin zuten, bideokonferentziaz. Ordubete eskas iraun zuen saioak, bideokonferentzia egiteko tresneriak arazoak eman zituelako. Tarte horretan, fiskalak itaunketa laburrak egin zizkien auzipetuei, batez ere Segurako atxiloketez.
Auzi horretan inputatu dituzte, besteak beste, Marije Fullaondo Errigoitiko bizilaguna eta Mikel Etxaburu ondarrutarra.