
Sollube 707 mendi taldearen irteeratako bat
Bermeoko Sollube 707 mendizale taldeak urteko lehenengo irteera antolatu du domekarako. Hain zuzen ere, Bermeoko mendietatik ibiliko direla azaldu dute antolatzaileek.
08:00etan abiatuko dira domekan, Taraskatik. Handik Kurtzio kaletik gora, Demikura igo eta Katillotxu mendira iritsiko dira. Landa batzuk igarota, Busturiko Altamira auzotik Solluberako bidea hartuko dutela azaldu dute. Hegoaldetik igoko dute Sollube, eta, handik ondoren, Mañura jaitsiko dira. Animatzen direnen arabera, agian, hamaiketakoa jateko Mañun geratuko direla diote. Gero, Garbola eta Burgo igarota, herrirantz bueltatuko dira Aranetik. Gutxi gorabehera 22 kilometroko ibilbidea izango da.
Oraingoan, irteeran parte hartu gura duten horiek ez dute zertan aurretiaz izena eman beharko; domekan bertan, Taraskan agertu beharra baino ez daukate. Hala ere, informazio gehiago eduki gura duten horiek 676 620 195 telefono zenbakira deitu ahalko dute.