
2008tik sekretupean egon den sumario batengatik deklaratzera deitu ditu Auzitegi Nazionaleko epaile Jose de la Matak. Guztira, ezker abertzaleko 27 kide daude inputatuta sumario horretan, eta delitu larriak inputatzen dizkiete: Talde “terroristari” laguntzea —orduan legez kanpo zegoen Batasuna alderdiari—, kapitala zuritzea eta ondasunak ostentzea.
Alemanian bizi den arren, Gernika-Lumon sortutakoa da Jon Andoni Lekue, eta astelehenean deklaratu zuen epailearen aurrean, beste zortzi lagunekin batera. Epaileak libre utzi zituen bederatzi lagunak, baina karguekin. Zigor Goieaskoetxea, aldiz, busturiarra da, eta Ipar Euskal Herrian bizi da. Deklaratu behar zutenen zerrendan zegoen arren, ez da Auzitegi Nazionalean aurkeztu zitaziorik jaso ez duelako.
Deklarazioa eman duten ezker abertzaleko kideek ukatu egin dute deliturik egin izana.
Bitartean, Madrilen, lekukoen deklarazioekin jarraituko du gaur
04/08 auziak. Makroepaiketa horretan ezker abertzaleko beste 35 kide ari dira epaitzen; tartean, Marije Fullaondo Errigoitiko bizilaguna.