
Gaur aurkeztu dute Itsasoratze Artibista programa
Gernika Gogoratuzek, Gernikako Bakearen Museoak eta Donostia 2016 Fundazioak sustatu dute programa, gatazkak eraldatzeko sormen bide ez bortitzak iradokitzeko eta ikertzeko. Gaur aurkeztu dute programa, Gernikako Bakearen Museoan. Bertan izan dira Bakearen Itsasrgiaren arduradun Inesa Ariztimuño; ekimenaren koordinatzaile Alex Carrascosa; Gernika Gogoratuzeko zuzendari Maria Oianguren eta Gernikako Bakearen Museoko zuzendari Iratxe Momoitio. Azaldu dutenez, gaur egungo premia sozialei artearen bidez ekiteko ikerketa, partaidetza eta erakusketa prozesu bat da Itsasoratze Artibista.
Programa garatzeko, hainbat ekimen antolatu dituzte 2016. urterako, eta eszenario ezberdinak izango ditu: Donostia, Bilbo, Irun, Gasteiz, Gernika-Lumo edota Busturia, esaterako. Protagonistak ere desberdinak eta anitzak izango dira. Herritar denei zabalik dago parte hartzea, baina antolatzaileek hainbat artista lotu dituzte ekintza ezberdinak garatzeko. Bost jarduera mota gauzatuko dituzte: elkarrizketa biribil sortzaileak, laborategiko saioak, ekintza hiritarrak, erakusketak eta forumak. Horietan, hiru eronkari ekin beharko diete. Kasu batzuetan eskubide eta betebehar zibilak jorratuko dituzte; beste batzuetan giza eskubide eta betebeharrak landuko dituzte eta beste zenbaitetan ingurumenarekin zerikusia duten eskubide eta betebeharrak. Xedea da eskubide eta betebehar horiek parte hartzearen bidez eta modu positiboan eraldatzea, sorkuntza eta akzioa uztartuz. Horretarako, esan bezala, erreferente diren kolektibo eta pertsonen laguntza izango dute.
Giza eskubideak eta ardurak lantzeko,
Zapalduaren antzerkia: Kulturak eta feminismoa izeneko jarduera landuko dute urtarrilean. Elkarrizketa biribila egingo dute 29an, eta laborategia 30ean. Zapalduren antzerkia Brasilen garatutako antzerki teknika bat da. Gatazken dramatizazioan oinarrizten da, eta ikusleak antzezle bilakatzen dira. Laborategi horretarako, Birgit Fritz austriarra eta Jale Karabekir turkiarra gonbidatu dituzte. Fritz antzerkiaren aktibista da, dramaren pedagogoa, zapalduaren antzerkiaren ikertzailea eta praktikatzailea. Karabekir, aldiz, Istanbuleko Unibertsitateko Dramaturgia eta Antzerki Kritikaren Departamentuko graduduna da, eta zapalduaren antzerkiari buruzko tesia egin zuen. Bertoko herritarrekin batera, elkarrizketa borobila egingo dute urtarrilaren 29an, Bilboko Otxarkoagako udaletgian. 30ean, aldiz, elkarrizketetan garatutaako sorkuntza praktikara eramango dute, laborategian.
Otsailaren 25etik 28ra, aldiz, Nazioarteko Arpilleren Foruma egingo dutela aurreratu dute gaurko aurkezpenean. Bilbon, Donostian eta Gernika-Lumon egingo dute, eta
arpilleren bitartez gatazka ezberdinak nola islatu asmatuko dute. Era berean, arpillera erraldoi bat egingo dute; Donostian hasiko dira horretan lanean, eta Gernika-Lumon amaituko dute.
Abendura bitartean, beste hainbat ekintza programatu dituzte, eta urte osoko ekimenen emaitzak erakusten jarriko dituzte gero, Gernika-Lumoko Bakearen Museoan.
Gernika Gogoratuzeko Maria Oiangurenek azaldu duenez, gizartea aberasteko eta bakea eraikitzeko prozesua da Itsasoratze Artibista. “Pozik gaude proiektu honetan parte hartzearekin, eta ardura osoz eramango dugu aurrera”, esan du. Bestalde, ekimena aurerra eramateko laguntza eskaini dienei eskerrak eman gura izan die Bakearen Museoko arduradun Iratxe Momoitiok.