Xabier Enbeita eta Iñigo Azkona
Herri txiki batean mamitutakoa izan arren, ez da batere txikia
Makuesak proiektuak dakarrena. Elantxobetik abiatuta, han eta hemen aurkezten ari dira Iñigo Azkona eta Xabier Enbeita izen hori daraman erakusketa. Sorlekua izan zuen lehen agertoki, eta Ondarroan eta Zarautzen egon da ondoren. Egun, ordea, Gernika-Lumoko Kultur Etxean bisita daiteke
Makuesak liburuagaz batera sortutako izen bereko erakusketa.
Urteak dira Elantxobeko portuan arrantzontzirik ez dagoela.
Anaitasuna eta
Ogoño izan ziren desagertzen azkenak, eta hori gertatu orduko ekin zion Iñigo Azkona argazkilari elantxobetarrak
Makuesak proiektuari. Garai batean sorterriaren motore izandako arrantza mundua ahanzturan gal ez zedin helburu izanik, herritarrak objektibo aurrean jarri, eta arrantzarekin lotutako uneak izoztea lortu zuen Azkonak, betierekotzea.
Haren begiradak islatutakoak, ordea, ez du Elantxoberen ohiko postaletako irudia agertzen; kasu honetan herritarren irudia aurkezten baita, makuesen irudia. «Izan ere, eurek egin dute, euren lanagaz, gaur egun ezagutzen dugun herria: herri berezia, zalantza barik. Txikia, baina nortasun handikoa».
Itsasorik ez
Erakusketako argazkietako bat
41 irudik osatzen dute
Makuesak. Arrantza da argazki guztien muina, baina adierazgarria da oso itsasorik inon ez agertzea. «Kareagaz zuritutako bodega zaharren hormen artean» atera zituen Azkonak argazkiak, itsasontziekin eta fabrikekin batera, toki horiek «garrantzia berezia» izan dutelako, batez ere neguko hilabete luzeetan, arrantzaleak itsasora atera ezinik zeudenean. Edonola ere, «ur tanta bat ikusi ez arren», irudietan agertzen diren herritarrek «kresal usain nabarmena daukate», eta «den-denek garai bateko Elantxobera eramaten gaituzte, inoiz itzuliko ez den garai batera».
Proiektua gauzatzeko Xabier Enbeita gernikarra izan du Azkonak bidaide, hark ipini baitie testua elantxobetarren esentzia jasotzen duten argazkiei. Bien artean, Elantxobek itsasora begira jarraitzen duela islatzen asmatu dute, herri «berri» edo «desberdin» bat izan arren iragana ahazten ez duen herri bat dela agerian utziz.
Hurrengo hitzorduak
Hilaren 25era arte ikusi ahalko da
Makuesak Gernika-Lumon, eta gaur gaurkoz beste bi helmuga ere badituzte hitzartuta: otsaileko lehen hamabostaldian Santutxuko auzo etxean jarriko dute, eta irailean Bilboko Itsasadarra Itsas Museoan. Tarteko hileetan edo ondoren ere beste inora eramateko prest leudekeela dio Azkonak. Edonola ere, egindako lan eskerga hori herriaren ondare dela esan du, herriaren artxiborako baitira erakusketan jasotako argazkiak.
‘Makuesak’ erakusketa
Egileak. Iñigo Azkona Bikandi eta Xabier Enbeita Ibarra.
Edukia. Azkonak egindako 41 argazki, eta bakoitzarentzat beren beregi Enbeitak egindako testuak.
Non. Gernika-Lumoko Kultur Etxean, hilaren 25era arte.