Eskola umeen igeriketa txapelketa jokatuko dute bihar, Bermeon
Eskola arteko igeriketa txapelketako hirugarren jardunaldia hartuko du bihar Bermeoko igerilekuak, 16:30etik aurrera. Herriko umeez gain, beste zortzi herritakoak ariko dira igeriketan.
Hain zuzen, Bermeoko Axpoandi elkarteak, Markina-Xemeingo Atxondo, Lekeitioko Garraitzek, Ondarru Igeri Taldeak, Berriotzek, Elortzak, Abadiñoko Astola Igeriketa Kirol Taldeak, Mungia Igeriketa Taldeak eta Igorre Igeriketa Taldeak parte hartuko dute Bermeoko jardunaldian. Gernika-Lumoko Kosnoagak, aldiz, hirugarren jardunaldia Artxandan (Bilbo) jokatuko du, baina beranduago, urtarrilaren 30ean.
Laugarrenean, elkarrekin
Txapelketako laugarren jardunaldia ere Bermeon izango da, otsailaren 6an, eta kasu horretan Kosnoagak ere parte hartuko du Lea-Artibai eta Busturialdeko aipatutako taldeekin. Egun horretan ez dira Elortza, Mungia eta Igorreren aurka neurtuko, beste talde batean ariko baitira horiek.